Udalak eta herriko mugimendu feministak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa osatu dute elkarlanean

IMG20220705190241

Gaur arratsaldean agerraldi bateratua egin dute udalak eta Lurgatz eta Akain talde feministek Erreboteko plazan, Garagardo azokari eta Santio jaiei begira osatutako indarkeria edo eraso matxisten kontrako protokoloa publikoki aurkezteko. Bertan izan dira udal ordezkari gisa Beatriz Unzue alkatea eta Arantza Lopez Gizarte Zerbitzuen eta berdintasun zinegotzia eta Akain eta Lurgatz talde feministetako hainbat kide. Akain taldearen izenean Oihane Urretak eta Lurgatz taldetik Susana Carreterok hartu dute hitza agerraldian.

Honakoa da gaur plazaratu den oharra: 

INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO PROTOKOLOAREN AURKEZPENA

Garagardo azoka eta Santio jaiak ate joka ditugu dagoeneko Amasa-Villabonan.

Zoritxarrez, oraindik ere jai-giroko testuinguruan eraso matxista eta sexistak biderkatzen direla ikusten ari gara. Beraz, garrantzitsua da hauen prebentzioan eragitea, eta erasoak gertatzen direnean erantzun bateratu eta koordinatuak ematea, herri gisa.

Horretarako, Amasa-Villabonako Udalak, Lurgatz Talde Feministak eta Akain Talde Feministak jarraian aurkeztuko dugun indarkeria matxistaren aurkako protokoloa landu dugu hiru helburu nagusirekin:

  1. Garagardo-azokan edota Santio jaietan gertatu daitezkeen eraso matxisten aurrean jarraitu beharreko prozedurak zehaztea.
  2. Jai-testuinguru horietan eraso matxistarik gertatuko balitz, horien aurrean jarduteko tresnak eta estrategiak eskaintzea.
  3. Amasa-Villabonako herritarrek indarkeria edota eraso matxisten aurrean, behar bezala erantzutea, inolako tolerantziarik gabe eta irmotasunez.

Protokolo honen baitan, garrantzitsua iruditu zaigu lehenik eta behin indarkeria matxista behar bezala identifikatu eta definitzea, denok era berean uler dezagun.
Zer hartuko da Indarkeria Matxistatzat? emakumeen*, nesken* eta hetero-arautik kanpoko genero-identitatea eta/edo sexualitatea duten pertsonen duintasunari, estimuari eta osotasun fisiko edota mentalari kaltea eragiten dieten portaerak, jokabideak edo ekintzak. Indarkeria edo eraso matxista mota desberdinak gerta daitezke jai eta festa testuinguruan. Esaterako, fisikoak, eraso sexualak, psikikoak, kontrola edota mikromatxismoak.

Horrekin batera indarkeria matxista kasuen prebentziorako eta erasoren bat gertatuko balitz behar bezalako erantzunak artikulatzeko bitarteko bereziak jarriko ditugu martxan.
Honakoak dira:

• Puntu Morea “Indarkeria sexistarik gabeko gunea”: uztailaren 24, 27 eta 29an 20:00tatik 23:00etara egongo da Malkar plazan. Bertan bi pertsona formatzaile aditu egongo dira eta materiala eta zerbitzua eskainiko dute.
• Txoko morea, eskuhartzeko espazio segurua: Errota auzoa 4, behean dagoen lokala erabiliko da erasoren bat salatuz gero, biktimarekin lehen eskuhartzea egin ahal izateko espazio seguru gisa.
• Telefonoa: 697 11 66 11 : Edozein indarkeria edo eraso matxista pairatu edo ikusi duten pertsonek, telefono honetara deitu ahal izango dute, eguneko 24 ordutan. WatsApp bidezko mezu edo audioak ere bidaltzeko aukera egongo da. Honekin berehalako laguntza lortu ahal izango du erasotuak.
• Besoko morea eramango duten boluntarioak: Mugimendu feministako kide diren hainbat emakumek* besoko morea eramango dute eta beraiengana jo ahal izango da laguntza eskatzeko.
• Indarkeria matxistaren kontrako gida: Indarkeria edo eraso matxista baten aurrean nola jokatu azaltzen duten kartelak eta pegatinak argitaratuko dira. Kartel eta pegatina horietan, jarraibide zehatzak agertuko dira. Kartel eta pegatina hauen kopuru handi bat itsatsiko da festa gunean, tabernetan, txosnetan etab.
• Koordinazio taldea: Eraso edo indarkeria matxista kasuren bat gertatuko balitz, koordinazio taldea bilduko litzateke. Koordinazio gune honetan, Akaineko Lurgatzeko eta Udaleko ordezkariek parte hartuko dute eta bertan hartuko dira egoerari erantzuteko momentuko erabakiak.

Azkenik, protokolo honetan erasoen aurrean eman beharreko gizarte-erantzuna zehaztu nahi izan dugu, herri mugimendu feministaren eta udalaren arteko koordinazio egokia bermatzeko eta egoera bakoitzaren aurrean tamainako herri-erantzuna antola dadin.

Eraso bat identifikatzen denean, logikoki, eraso matxista konkretu horren izaera kontuan hartuta erabakiko da zein motatako erantzuna emango den eta azpimarratu nahi dugu, kasu guztietan erasoa jasan duen pertsonaren oniritzia ezinbestekoa izango dela, gizarte erantzuna antolatu ahal izateko.

Era berean, argi dugu indarkeria matxista kasuen aurrean herri gisa eta inolako alderdikeria edo politikakeriarik gabe erantzun behar dela, protagonismoa herritarrek izan behar dutela, eta horregatik zoritxarrez eraso baten aurrean erantzun bat eman beharrean aurkitzen bagara, Amasa-Villabonako Mugimendu Feministak (Akain eta Lurgatz talde feministek) deitu eta antolatuko luke erantzun hori, ondoren Udalak bat egingo lukeelarik.

Amaitzeko, momentu hau baliatu nahi nuke herriko bi talde feministei, Lurgatz eta Akain taldeei, egindako lan guztia eskertzeko eta besteak beste, protokolo hau gauzatzeko egindako lan guztiagatik. Eskerrik asko!

Konbentzituta gaude guztion artean, erantzun bateratu eta sendoa emango dugula eraso matxisten aurrean, izan Garagardo azokan, Santio jaietan, edota urteko edozein garaitan.

Hala ere, albisterik onena protokolo hau ez aktibatu beharra izango litzateke, horrek behingoz eraso matxistarik gabeko jaiak izan ditugula esan nahiko luke eta.
Hori da guztion nahia.

Amasa-Villabonan, 2022ko uztailaren 5ean

PROTOKOLOAREN DOKUMENTUA