
Amasa-Villabonako udalak honakoa adierazten du pasa den larunbat gauean izandako istiluen ondoren:
Amasa-Villabonako udalak irmoki salatzen ditu larunbat gauean Villabonako herri gunean izandako istilu larriak. Horrelako gertaerak ikuspuntu guztietatik penagarriak eta onartezinak dira. Istilu horiek eragindako kalte eta ondorioak nabarmenak izan dira herriko hainbat gunetan. Gau horretan kaleetan bizi izandakoa guztiz tamalgarria eta justifikaezina da.
Udalak beste behin, arduraz jokatzeko eta Covid-19ari aurre egiteko ezarri diren prebentzio neurriak errespetatzeko egindako eskaerak errepikatu nahi ditu. Gogorarazi nahi dugu pandemia aroan jarraitzen dugula, aurten ez ditugula Santio jaiak ospatzen eta ondorioz, Villabonara gaueko festa eta parranda egitera ez etortzea eskatzen dugula.
Amaitzeko, larunbateko kale istiluak ezin direla errepikatu aldarrikatzen dugu eta udalak bere eskuetan dagoen guztia egingo du horretarako.