Haur guztiei merienda eskaintzeko ohitura berreskuratuko du
Iñauteriei hasiera ematen dien Ostegun Gizeneko haur-jaialdia Amasa-Villabonan geroz eta errotuagoa dagoen ospakizuna dugu, programatutako ekitalditan ikastetxe desberdinek duten inplikazioari esker.
Aspalditik datorren ohitura izanda ere, duela hiru urte orduko udalak “arrazoi ekonomikoak” argudiatuta kendu zuen herriko haur guztiei Erreboteko Plazan merienda eskaintzeko ohitura, iaz berreskuratu egin zen, eta aurten ere ohiturarekin jarraitu nahi du Villabonako Udalak. 2017 edizio honetan merienda horrek sortutako gastuak herriko aurrekontutik ordainduko dira, Alkateak gogorarazten duenez aurrekontu horiek herritar guztien zergetatik datozelarik. “Tradizioak, ohiturak,hau bezain txikiak izanda ere, mantendu egin behar dira eta belaunaldi berriei transmititu egin behar zaizkie” azaldu du Maite Izagirrek.
Ostegun Gizeneko ekitaldien programak Fleming Ikastetxeko eta Zubimusu Ikastolako mozorro-desfilea du barne, arratsaldeko 15:00etatik aurrera, eta Gurea zine-aretoan 17:30etan eskainiko den haurrentzako filmaren emanaldia. Udalak bi ikastetxeetako irakasleei desfilea antolatzen egindako ahalegina eta lana eskertu nahi die.