Udalaren azalpenak Etxeondoko gasolindegi alboko errepideko obrak direla eta

WhatsApp Image 2025-03-07 at 08.26.26Amasa-Villabonako Udal gobernu taldeak publikoki azalpenak ematea erabaki du herritar askoren kexak eragin dituen Etxeondoko gasolindegi alboko errepideko obrak trafikoan egindako aldaketen inguruan. Lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Irura-Villabona bidegorri proiektuaren baitan kokatzen dira eta A-1 autobiatik Azketaerreka poligonora (industria gunera) orain arte zegoen irteera ezabatzearekin lotura zuzena dauka.

Udalaren sare sozialetako kontuetan argitaratu den bezala, Etxeondoko gasolindegiko bidegurutzean egindako trafikoaren egokitzapenak Udalaren oniritzirik gabe egin dira, Udalak ez ditu ulertzen aldaketa horiek, nabarmena baita gasolindegiari eta herriko gidariei kaltea suposatzen diela. Kasu asko egon dira non Villabonako gidariak Iruraraino joan eta bueltan Villabonara etorri behar izan duten, eremu horretan ezarri den trafiko-antolaketa berria errespetatzeagatik, eta horrek ez dauka inolako zentzurik. Beraz, udal gobernuak hainbat herritarren aldetik eta gasolindegiko arduradunen aldetik egin diren kexak ulertzen eta konpartitzen ditu, baina tamalez ez dirudi Aldundiak obra hori berrikusi edo berpentsatzeko asmorik duenik.

Udalak Aldundiari proiektu honi buruzko informazioa eskatu ondoren, proiektua idatzi zuen Girder Ingenieros enpresako ingeniaria Villabonako udaletxean izan zen Amasa-Villabonako udal ordezkariei aurrez-aurre proiektuaren xehetasun nagusiak azaltzeko. Bertan, hainbat plano eta irudi aurkeztu ziren, Irura-Villabona bidegorriaren ibilbide zehatza, A-1 autobiaren gainetik egingo den zubia, industria poligonoko irteera ezabatuko dela etab. azaldu ziren baina gasolindegi inguruan trafikoaren antolaketan aldaketak egingo zirenik ez zen aipatu ere egin. Ingeniariak azaldu zuen bidegorria tanatorioaren alboan bukatuko zela, eta kitto, hor bukatzen zela Villabonako eremuari eragiten zion proiektuaren zatia. Hainbat plano erakutsi ziren baina “kasualitatez” gasolindegiko eremuari zegokion planoa ez zen horien artean agertu. Gertaera honen aurrean, Amasa-Villabonako udal gobernuak Etxeondoko gasolindegi inguruan trafikoaren antolaketan egin diren aldaketei buruzko informazioa ezkutatu zaiola salatzen du, eta salaketa hau Aldundiko ordezkariei helarazi die. Aldundiak erantzun du proiektu osoa GAOn argitaratu zela (gasolindegiko zatia barne) eta orain exekuzio garaian berandu dela aldaketak planteatzeko, baina udal ordezkarientzat jasotako erantzun hori ez da nahikoa. Zergatik ezkutatu zitzaien informazioa udal ordezkariei, gasolindegiko eremuari inolako erreferentziarik ez eginez? Jokabide hori bidegabea eta larria dela salatu du udal gobernu taldeak. Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde alkateordeak “engainatuak” sentitu direla adierazi dute eta udal gobernuak bere kexa formala helaraziko dio Gipzukoako Foru Aldundiari.

Udalak obra honek sortutako eragozpenak deitoratzen ditu eta bere ardurari ihes egin gabe, barkamena eskatzen die kaltetutako herriko gidariei eta gasolindegiko arduradunei.