
Hilaren 30ean Amasako elizan
Kulturaren promoziorako eszenatoki berriak sustatu eta zirkuitu berriak irekitzeko ideia bikoitzarekin jarraituz, Urval Ensemble klarinete taldeak, kontzertua eskainiko du hilaren 30ean, larunbata, arratsaldeko 8etan, Amasako San Martin elizan.
Urval Ensemble, Jasone Etxebeste, Patxi Divar, Carlos Casadó eta Marixi Sesmak osatzen duten laukote entzutetsua, Zumaiko udalerri kosteran urtero antolatzen den Klarinete Maratoi ospetsuaren testuinguruan sortu zen eta The Clarinet nazioarteko aldizkariaren azaleko irudi izatea lortzeaz gain, euskal musikaren enbaxadore gisa, kontzertuak eskaini dituzte Madrid, Lincoln (Estatu Batuak), Gante (Belgika), eta Feroe irletan (Danimarka) bezalako hiriburuetan.
Datorren larunbatean eskainiko duten dohaineko kontzertuan, Aita Donostia eta Jesús Guridi, Jean Francaix konpositore frantsesaren Petit Quatour, bere garaian Celia Cruzek interpretatzen zuen La Reina del Trópico bezalako konposizio ospetsuak biltzen dituen “Fantasías Mexicanas” zatia eta Mike Curtis iparramerikarraren Klezmer triptikoa bezalako konposizioak biltzen dituen errepertorio zabala interpretatuko dute.
Beraz, lehen mailako errezitaldia da, eta seguruenik, musika onaren maitaleen gustukoa izango da.