Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorriaren obrak abiatu dira

20241205 Bidegorria

Amasa-Villabona eta Irura artean bidegorria eraikitzeko proiektua martxan dago. 11 hilabeteko gauzatze-epea izango dute lanek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 2.413.108,05 euroko esleipen-aurrekontua gauzatu du proiektu hau aurrera eramateko.

Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorri berriak 1,83 kilometroko luzera izango du, eta bi herrien arteko joan-etorriak erraztuko ditu txirrindulari zein oinezkoentzat, ibilbide seguru eta irisgarri baten bidez.

Lanak hasi diren lekua bisitatu du gaur Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, Irurako alkatea den Gorka Murua eta Jasangarritasuneko diputatua den José Ignacio Asensiorekin batera, eta nabarmendu dute bidegorriak funtsezko zeregina beteko duela mugikortasun jasangarria sustatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko.

Trazadura egokitua eta jasangarria
Bidegorria Villabonako beilatokitik abiatuko da, eta, 34 eta Ibaiondo industrialdeak zeharkatuko ditu Irurako ikastolara iritsi arte. N-1 errepidea modu seguruan zeharkatzeko aukera emango duen pasabide berri bat ere eraikiko da.

Eskaera historiko bati erantzuna
Amasa-Villabonarentzat pozgarria da hainbeste urtez eskatutako proiektu honen hasiera iragartzea. Bi udalen arteko urteetako ahaleginaren emaitza da Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorria eraikitzea.

Obra honek, eskaera historiko bati erantzuteaz gain, aurrerapen esanguratsua suposatzen du egunero Amasa-Villabona eta Irura arteko industrialdean dabiltzan guztientzat; Langileei sarbidea erraztuko die, eta aukera erosoagoa eta seguruagoa eskainiko die joan-etorriak oinez edo bizikletan egiteko. Ibiltarientzat ere onuragarria izango da, ingurune irisgarriagoa eta seguruagoa izango baitute paseorako, mugikortasun aktiboa sustatuz.

Amasa-Villabonako Udala, beraz, pozik agertu da Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu hau egi bihurtuko duelako, eta ingurumena errespetatuko duen mugikortasuna lortzeko lanean jarraituko du.