Gaur Goizean Amasa-Villabonako udaleko Herritarren parte hartzerako Batzordeko kideen prentsaurrekoa eskaini dute udaletxeko batzar aretoan. Bertan izan dira Beatriz Unzue alkatea, Xabat Laborde alkateordea (EH Bildu), Maite Izagirre EAJ-PNV taldeko bozeramailea eta María Luisa Arija PSEko zinegotzia. Agerraldian Beatriz Unzue alkateak ekimen honek alderdi politiko guztien babesa eta adostasuna lortu izana azpimarratu du. Honekin batera parte hartze prozesuaren eta herri galdeketaren irudia eta leloa ere aurkeztu dira. Leloa Amasa-VillabONA izateko izango da; honekin herritarren parte hartze zuzenaren bidez herri hobea izateko pausuak emango direla adierazi nahi da. Aste honetan bertan, udalak azalpen triptiko bat banatuko du herriko etxe guztietara.
Honakoa da prentsaurrekoan Beatriz Unzuek eta Maite Izagirrek plazaratu duten oharra:
PARTE HARTZE PROZESUAREN ETA HERRI GALDEKETAREN AURKEZPENA
Amasa-Villabonako udalaren izenean, gure herrian eragina duten erabakietan herritarren parte hartze zuzena sustatzeko konbentzimendua eta asmo irmoa adierazten dugu. Kalitate eta sakontasun handiagoa izango duen demokrazia eredu parte hartzaile eta zuzena da gure iparra.
Gaur Amasa-Villabonako udaleko Herritarren parte hartzerako Batzordeko partaideak bildu gara, datozen hilabeteetan udalak garatuko duen parte hartze prozesuaren berri emateko. Azpimarratzekoa da ekimen honek alderdi politiko guztien arteko adostasuna lortu izana. Izan ere, pasa den otsailaren 25an Amasa-Villabonako Udalbatzak aho batez onartu zuen Herritarren Parte hartzerako Batzordean adostutako proposamena. Pozgarria da gai honetan kontsentsuaren bidez aurrera egitea.
Herritarren parte hartze zuzenarekin hartutako erabakiak askoz hobeak direla pentsatzen dugu eta zentzu horretan konfiantza osoa dugu prozesu honen emaitza oso positiboa izango dela.
PROZESUAREN EZAUGARRI NAGUSIAK:
• Zer da udalak herritarren erabakiaren esku utziko duena?
2020. urtean Amasa-Villabonako udalak 400.000 euro zein inbertsio zehatz gauzatzeko erabiliko dituen.
• Zer izango da herritarrek aukeratu ahal izango dutena?
Hainbat proiektu edo egitasmo egongo dira aukeran. Proiektu bakoitzak bere azalpena, irudia eta aurrekontua izango du eta herritarrek proiektu ezberdinak aukeratu ahal izango dituzte. Beti ere, 400.000 euroko aurrekontua gainditu gabe.
• Nortzuk parte hartu ahal izango dute?
Amasa-Villabonan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiak.
HERRITARREK, ELKARTEEK ETA ALDERDI POLITIKOEK PROIEKTU PROPOSAMENAK EGITEKO AUKERA
Proiektuak aurkezteko epea: Martxoak 9-29
Bete beharreko baldintzak betetzen dituzten proiektu proposamenak, aukeratzeko egongo diren proiektuen artean txertatuko dira.
Proposamenek bete beharreko baldintzak: Azalpen zehatza, proiektuaren justifikazioa eta aurrekontua definituta egotea.
Horretarako udalak inprimaki berezi bat jarriko du herritarren eskura. Inprimakia udaleko arreta zerbitzuan edo www.villabona.eus webgunean eskuratu ahal izango da.
Udalak proposamen guztiak aztertuko ditu apirilaren 19rako:
Udalak, bere teknikarien bidez proposamenen bideragarritasun ekonomikoa, araudia edo legedia errespetatzen duen etab. egiaztatuko du. Proiektua aurkeztu duten guztiei erantzun bat emango zaie.
INFORMAZIOAREN ZABALPENA: MAIATZAK 11-17
Behin aukeratzeko izango diren proiektu edo egitasmoen zerrenda erabakita, herritarrei informazioa zabalduko zaie. Helburua herritar guztiek galdeketaren informazio objektibo, garden eta erraz ulertzeko modukoa jasotzea izango da.
Udalak aldizkari berezi informatiboa argitaratuko du eta herriko etxe guztietara banatuko du. Horrekin batera ahalik eta tresna eraginkorrenak erabiliko dira herritarrek prozesuaren berri izan dezaten.
Informazio guztiak baldintza batzuk beteko dituzte: Proiektuen azalpenen objektibotasuna, proiektu guztiek tarte berbera izatea etab. Proiektu konkreturen batek “abantaila” izatea edo euskarrien diseinuak herritarren botoa “bideratzea” saihestuko da.
HERRI GALDEKETA
BOZKATZEKO EPEA: MAIATZAK 22-31
Herritarrek bozka emateko bi modu izango dituzte aukeran:
– BOZKETA TELEMATIKOA: MAIATZAK 22-31
Herritarrek telefono mugikorrerako “AMAVI” App aplikazioan bozkatu ahal izango dute. Tresna berri hau hilabete honetan aurkeztuko da publikoki.
– BOZKETA PRESENTZIALA: MAIATZAK 25-31
Udaletxeko herritarren arreta bulegoan hautestontzia eta boto-paperak egongo dira. Bulegoa astean zehar arratsalde batez eta larunbata eta igande goizean irekita egongo da.
BOZKEN KONTAKETA. MAIATZAK 31
Kontaketa berme guztiekin egingo da: Udal Idazkariaren eta Herritarren parte hartze Batzordeko ordezkari politikoen presentziarekin. Kontaketa ekitaldi publikoa izango da, herritarrek ikusle gisa parte hartu ahal izango dute.
EMAITZAREN BERRI EMATEA: EKAINAK 1
Udalak (herritarren parte hartze batzordeko kideek) emaitzak publikoki aurkeztuko ditu komunikabideen aurrean. Ondorioz, udalak 2020. urtean abiatuko dituen proiektuak zeintzuk izango diren adieraziko da.