Ikusleak Gurea zinema-aretora hurbiltzen errazteko, bonoak jarri ditu salgai Villabonako Udalak. Prezioa 15 €-koa da, eta bono bakoitzak 5 sarrera ditu. Orain salgai dauden bonoek 2013ko apirilaren 30era arte balio dute, eta, gainera, bono bakoitza pertsona batek baino gehiagok erabil dezake; eta film emanaldi berean, nahi izanez gero. Horrela, Gurea zinemara maiztasun pixka batekin hurbiltzen denak 3 €-tan lor ditzake zinemako sarrerak.
Garai zailak bizi ditu Gurea zinemak, beste udal zinema-areto askok bezalaxe. Sektorearen krisi propioari azken urteotako krisi ekonomiko larri eta luzeari gehitu behar zaio.
Ez dira horiek, ordea, herriko zinema-aretoaren mehatxu bakarrak; zinema proiekzio digitala nagusitzen ari da ezinbestean, eta horrek gastu gehigarriak dakartza berekin. Egoera zail honek ixtera behartu du zinema-areto bat baino gehiago. Villabonan ere, zinemazaleek gogoratuko dute iazko azken hilabeteetan oso programazio urria izan genuela, arazo ekonomikoen ondorioz.
“Ez dugu etsiko, hala ere. Gurea zinema iraunarazteko apustu garbia egingo dugu, herri biziago bat izaten lagunduko digula uste dugulako. Horretarako, aldaketa batzuk egin ditugu. Besteak beste, orain beste enpresa batek kudeaten du Gurea antzoki-zinema. Horrez gain, Villabonako Udalak esku-hartze handiagoa du orain pelikulen programazioan; helburua kalitatezko programazio baten alde egitea da: ikusle-kopuru aldetik minimo batzuk betetzen dituena, kriterio ekonomizista hutsen menpe egon gabe” azaldu du Udalak.
“Baina ez dugu ahaztu behar Gurea zinemak ikusleak behar dituela, iraungo badu. Esan bezala, beharrezkoa da gutxieneko ikusle kopuru bat izatea, zinema-aretoa ekonomikoki jasangarria izateko. Amasa-villabonatarrok estimatu eta apreziatu behar dugu kultur baliabide hau; alegia, daukan balioa ematen ikasi”. Hartara, ikusleak Gurea zinema-aretora hurbiltzen errazteko, bonoak jarri ditu salgai Villabonako Udalak. Prezioa 15 €-koa da, eta bono bakoitzak 5 sarrera ditu. Orain salgai dauden bonoek 2013ko apirilaren 30era arte balio dute, eta, gainera, bono bakoitza pertsona batek baino gehiagok erabil dezake; eta film emanaldi berean, nahi izanez gero. Horrela, Gurea zinemara maiztasun pixka batekin hurbiltzen denak 3 €-tan lor ditzake zinemako sarrerak.
“Ahalegintzen ari gara film programazioa hobetzen. Ahalegintzen ari gara kalitatezko pelikulak ematen, estreinatu eta denbora gutxira. Era berean, ikusleen parte-hartzea handitzen ahalegintzen ari gara. Horrexegatik, ongi-etorriak izango dira zuen galderak, iradokizunak eta ekarpenak. Nahi izanez gero, beraz, jar zaitez gurekin harremanetan honako helbide honetan: kultura@villabona.net. Bestela ere, Gurea zineman ikusiko gara!”, berretsi dute Kultura sailetik.