Euskaraz jolasteko erak ikasiz, ondo pasa

IMG 2805Villabonako Udalak urteak daramatza Sortzen Ikasbatuazen eskutik Euskaraz Mintza egitasmoa ikastetxeetan eskaintzen. Euskara, heziketarako hizkuntza izateaz gain, bizi hizkuntza izatea, eta beraz, harremanetarako hizkuntza izatea da Euskaraz Mintza programaren helburu nagusia.
Egitasmo honen bidez, goizeko jolastorduan, hezitzaile baten eskutik haur hezkuntzako ikasleei hizkuntza erregistro informalak eskaintzen zaizkie, gero euskara eskola orduetatik kanpo beren jolas garaian erabil dezaten.
Bitarteko tresna gisa, nagusiki jolas tradizionalak erabiltzen dira. Parte-hartzea posible egiten duten jolasak dira hauek, euskaraz guztiak. Hizkuntza lantzeko, eta bide batez, galtzeko zorian dauden jolasak berpizteko aukera ematen du honek.
Esan bezala, azken urteetan Euskara Saila burutzen ari den egitasmoa da hau eta ikastetxeetako ikasleen aldetik harrera oso ona eduki du. Urrian hasi eta maiatza bitarte burutuko da ikasturte honetan ere haur hezkuntza mailan herriko bi ikastetxeetan.