Berdintasun asteak helburu eta egitarau oparoa

a 25Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Villabonako Udalak hainbat ekimen prestatu ditu gai horren inguruan hausnartzeko. Gainera, Udalak adierazpen bat aurkeztuko du egunaren harira: irakurtzeko klik hemen. Urbizu kulturako zinegotziak aspaldi sentitzen zuen gai hori lantzeko beharra eta “emakumeak kolpeak ez diren indarkeria mota asko” jasaten duela gogoratu du. Horren erakusle izango da, azaroaren 23 eta 24an Gurea antzokian ikusi ahal izango den “Alardearen Seme Alabak” filma. Egunean bertan, Hutsunea Betez taldeak antolatutako elkarretaratzearekin bat egingo du Udalak –Malkar Plazan, iluntzeko 19:00etan– , eta Urbizuk Hutsunea Betez taldeko buru den Maxux Albarezen esaldia ekarri du hizpidera: “Egun horrek tratu onaren aldeko eguna izan behar luke”. Kontzentrazioaren ostean, 21:00etan, TRES antzezlana eskainiko da doan Gurea antzokian. Halaber, autodefentsa tailerrak ere izango dira nahi duenarentzat. Azken hau 8 orduko doako ikastaroa izango da, eta Bilgune Feministak eskainiko du –hilak 27, asteazkena, arratsaldeko 18:30tik 20:30ra; hilak 30, larunbata, goizeko 09:30tik 13:30ra, eta abenduak 4, asteazkena, arratsaldeko 18:30tik 20:30ra–. Izena emateko, gazteria@villabona.net helbidean edo 943693925 telefonoan. Aurrerantzean ere ildo hau lantzeko asmoa agertu du Udalak.