Ekainaren 16an egin da Amasamendi kudeatzeko parte hartze proiektuko bigarren bilera. Lehen bileran mendiarekiko gertutasuna duten eragileek eta arduradun tekniko zein politikoek euren esperientziak eta kezkak trukatu zituzten, Amasamendiren inguruko diagnosi bat osatuz. Bigarren honetan, kanpoko esperientziak ezagutzea izan da helburua, mendiaren kudeaketa turistikoak, kontserbazionistak eta ustiatzaileak ardatz hartuta. Hainbat kudeaketa eredu izan dira aipagai, hala nola bike-park, biomasa, kontserbazioa… Hitzaldi guztiek eragin dute zer pentsatua eta eragile zein pertsona interesatuek euren ekarpenak egin ahalko dituzte datozen egunetan. Amasa-Villabonako ikastetxeetatik ere iritsi dira etorkizuneko Amasamendirako iradokizunak, marrazki forman. Ekarpen horiek ere bileraren parte izan ziren, irudimena piztuz. Hirugarren eta azken bilera uztailaren 8an izango da, Subijana etxean. Gainera, azken bilera honetan ‘Baso Ahaztuak’ dokumentala eskainiko da, gogoetarako. Aukera ezberdinak ezagutu ostean, Amasamendi kudeatzeko norabide bat markatzea izango da helburu.