Autorik gabeko Nazioarteko egunean, Flemingo ikasleekin igo gara oinez ikastetxera. Amasa-Villabonako hirigunetik aparte geratzen dira Fleming eskola eta Erniobea Institutua; hori ez da sekula arazo izan baina, bertara iristeko. Urtetan oinez igo dira ikasleak eta autobus zerbitzua ere izan dute bertaraino. Azken murrizketen ondorioz, zerbitzu hori galdu dute hiriguneko haurrek eta egoera berriari erantzuteko ‘Eskolara oinez’ proiektua sortu da. Ekimen horren baitan, LHko 2. mailara bitarteko haurrei bidean laguntzeko antolatu da guraso taldea (gainerako haurrak bakarrik igotzen dira). Udalak proiektu horren aldeko apustua egin du, lehen egunetik laguntza eskainiz, batik bat bideak behar zituen egokitzapenak eginez eta taldeari udaltzain baten laguntza gehituz.
Gaur, Nazioarteko autorik gabeko eguna izanik eta guraso talde horren lana eredugarritzat hartuta, Udaleko ordezkariek aitortza egin diote eskolara oinez igotzen den talde horri. Gainera, mugikortasun jasangarriak seinalatutako eguna zela aprobetxatuta, irakasleek ere bat egin dute eskolara oinez zihoazen ikasleekin. ‘Nirekin ibili’ leloa zeramaten petoak jantzita, eredua eman dute gaur herrian.