Auzolana, eredutik ohiturara

DSC 8324webIngurumen Sailak, Ingurumenean Ados lan mahaiaren proposamenetik abiatuta auzolan proiektu bat burutu du azaroa eta abendua bitartean. Herriko hainbat eragilek auzolanean egin izan dituzte lehenago ere ekimenak (Aizkardik Praxkuren borda konpondu zuen, zuhaitz landaketak egin dira haurrekin…) eta oraingoan, herritar talde batek hartu du Komizarrera doan bideko plazoleta garbitzeko ardura.

Behin proposamena zein izango zen zehazturik, deialdia zabaldu zitzaien herritarrei lan horiek egiteko eta 15 lagunek hartu zuten konpromisoa. Proiektuaren helburua honakoa zen:  herriko ‘puntu ilun’ izan den gune bat garbitu eta paseorako txoko moduan berreskuratzea. Aurreikusitako lan egunean guztiak amaitu ezinda, hurrengo asteburuan lanekin jarraitzeko erabakia hartu zuten askok eta horrela, bi asteburutako auzolanarekin izugarrizko argitua eta garbitua eman zaio Otsabiko guneari.

Hurrengo erronka garbi mantentzea izango da eta garbiketan aritutako herritarrak zein ingurumen saila nahiko kezkatuta daude errekatik atera zen zabor guztiarekin. Izan ere, bada gune horretan zaborrak uzteko ohitura duenik eta bada jarrera horiekin amaitzeko garaia.

Dena den, proiektu bakoitzetik haratago doa auzolanaren helburua. Juan Luis Irazusta Ingurumen zinegotziak aipatzen zuen moduan: “auzolana ez baita helburuak betetzeko tresna soila, auzolana bera da helburu”. Lehen proiektuak izandako erantzun onaren aurrean, aurrera begira auzolana ohitura bihurtzea izango da erronka eta horretarako hurrengo proiektuak definitzen hasi beharko da. Lehen balorazioan aurkitu den hutsune bat emakumeen parte hartze falta izan da eta oro har, baita gazteena ere. Horrenbestez, lehen proiektu arrakastatsu baten ostean, hobetzeko puntu horiek lantzen jarraituko du Sailak herritarren laguntzarekin. 

DSC 8319webunnamedweb