Giro bikainean igaro da Arratzain zelaiaren irekiera jaialdia. Hiru eguneko egitarauari gaur eman zaio amaiera, zelaian bertan. Billabona FKE osatzen duten talde guztiak ekipazioarekin elkartu dira zelai erdian, irekiera eman dioten ordezkariak erdian hartzeko. Oinkari dantza taldeko kideek agurra dantzatu ostean, klubeko neska-mutil gazteek zinta erdira eraman eta Urko Arin kirol zinegotziak eta Galder Azkue alkateak moztu dute zinta, irekiera ofizial bihurtuz. Irekiera horretan parte hartu dute Mikel Elizegi klubeko presidenteak, Asier Sarriegi Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Errealeko Joseba eta Alex Urangak eta Federazioko Juan Luis Larrea eta Patxi Gabilondok. Azkue alkateak hartu du jarraian hitza, lanen nondik norakoak azalduz eta oztopoak oztopo emandako hitza bete izanaren garrantzia azpimarratuz. Horren baitan, Aldundiari eskerrak eman dizkio “hitza betetzeagatik” eta baita klubari ere. Haurrei errespetuz baina euren ametsen alde borrokatzeko gomendatu die alkateak. Azkenik, primizian aurreratu du hasiera batean atzeratuko ziren bigarren faseko lanak aurten egingo direla (aldagelak eta taberna). Milek Elizegi klubeko presidenteak kideen laguntza estimatu ditu eta omenaldiari bide eman dio.
Omenaldi eguna
Irekiera baliatuz, azken 30 urtetan zelaia zaintzeaz arduratu den Jorge Alvarez omendu du klubak. Jokalariek egindako pasiluan zelaira sartu eta ohorezko aurreskua eskaini ostean hainbat oroigarri eta herritarren txalo zaparrada jaso ditu omenduak. Ekitaldi amaieran, partidu hasierako ohorezko sakea egin du Azkue alkatearekin batera.
Egitarau oparoa
Behin zelaiari irekiera emanda, Eibarko eta Errealeko beteranoen arteko partiduari eman zaio bidea. Giro bikaina sortu dute jokalarien, herritarren txaloak eta oihuak altxaz. Eibar 5-4 gailendu da azkenean, baina hortik haratago zegoen festa, pintxo eta edariez gain trikitilariek alaitutako jai giroan. Asteartean jokalari, jokalari ohi eta arbitroen artean hitzaldi interesgarria eskaini zuten Gurea zinean; asteazkenean, Errealeko nesken taldeak Arratzaingo futbol zelaian egin zuen entrenamendua, klubeko jendea eta herritarrak lekuko. Gaurko jaialdiarekin eman zaio amaiera irekiera egitarauari.
Ikusi argazki bilduma