Herritarrek hala erabakita, Larreako jolastokia estaliko da, Rayuela proiektuarekin. Herritarrek lehen aldiz bozkatu ahal izan dute proiektu estrategiko bat, parte hartze ordenantzak jasotako eskubideen baitan. Ordenantza hori sortzean parte hartu zuen Mikel Gerrikok “lehen ariketa erabakitzailearen balioa” azpimarratu du. Hainbat astez proiektu guztiak ikusgai izan ostean, apirilaren hirugarren astean bozkatu dira proiektuak, digitalki eta aurrez aurre. Aitziber Murua hezkuntza gazteria eta kirol saileko teknikariak agertu duenez: “bozka digitala 149 biztanlek erabili dute eta aurrez aurreko bozkak batuta, guztira 280 herritarrek hartu dute hitza estalkia aukeratzeko”. Horrenbestez, Larrearako proposatutako Rayuela proiektua izan da irabazle, 74 bozkarekin.
Loteslea izan ez arren, haurrek ere izan dute euren hondar-alea jartzeko tartea. Saio didaktikoak egin dira bi ikastetxeetako haurrekin eta proiektuak irizpide ezberdinen baitan aztertu ostean euren bozka eman dute; hain zuzen, haurren saria erabaki duena. Malkar plazako hiri egongelak lana izan da haurren gustokoena. Gerrikok “kultura partehartzailea garatzeko aukera” dela adierazi du eta erabakimena lantzeko bidea eskaini duela.
Ikusi proiektu irabazlea