URA-EJ-k urriaren 27an ireki zuen Zubimusu zubi berriztatua; oinezko, txirrindulari eta beribilek Villabona-Zizurkileko erdiguneetatik Oria ibaia berriro erraz zeharkatzeko.
Hala ere, behin behineko irekiera da, argiak jartzea falta delako eta oinezkoen pasabidearen inguruan hainbat konponketa egin behar direlako, hemendik aste pare batetara itxiko dute zubia konponketa hauek burutzeko.
Zubi berriak, guztira, 42 metroko luzera izango du: 7,10 metro zabal; barnean, 6,5 metro zabal izango dira erabilgarri — bizikletentzako bidegorriak 1,5m; beribilentzako 3m; eta oinezkoentzako 2m — Oria ibaiaren bi ertzak lotzeko.
Lanok Zubimusu zaharraren ura husteko ahalmena oso nabarmen handitu dute. Izan ere, ur askoko sasoietan, Oriak jariatzen duen emari oparoak zubiaren aldamenean sortutako ageriko estutasunarekin egiten zuen talka, eta hortaz, ur-laminak artifizialki gorantza jotzen zuen, ingurune urbano dentso batean.
Zubi berria berritzeko lanak Zubimusu zaharraren erdiko baotik hasi ziren — jatorrizko harrizko arkua egonkortu da eta Zubimusu berriaren euskarri izaten dirau; bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura-Ondarearen Zuzendaritzak katalogatutako ondare da—. Hori burututakoan, ezker eta eskumako bi baoetan taula berri bana jarri da —guztira, beraz, hiru bao—, ertzetan eta erdiko baoan oinarri: ondorioz, emari dezente oparoagoek zubipetik igarotzeko ez dute oztoporik aurkituko, eta hortaz, Oriaren ur-goraldiekiko segurtasuna handiagoa izango da datozen ur askoko sasoietan.
Hots, Zubi berriak ahalbidetzen du ur askoko sasoietan emari handiagoak pasa ahal izatea, eta, ondorioz, Villabona-Zizurkilen, Oriaren ur-goraldien aurrean segurtasun-maila handitzea; eta aldi berean, zubiaren jatorrizko egiturari bere horretan eustea.
Era berean, Villabona-Zizurkilen uholdeei aurre egiteko lanen fase hau burutzeko, parez pare, honakoak egin dira:
- Alde batetik, Oria ibaiaren ibilgua zabaldu eta eskuineko ibaiertzean ura bideratzeko horma berria eraiki da, Zubimusu zubiaren inguruan.
- Azkenik, Villabonako saneamendua hobetu da. Ibaiaren ibilgua zabaltzeko eta ura bideratzeko horma berria eraikitzeko lanak aprobetxatuz, otsailaren 4en URAk eraikitako kolektorea abian jarri zen, Villabonako 4000 biztanle baliokideen hondakin-urak bildu eta Adunako araztegira bideratzeko —Gipuzkoako Urak kudeatzen duena—, Oria ibaira isurtzea saihesteko.
Uholdeei aurre egiteko edozein lanek bezalaxe, lanok gogorarazten digute Euskadik ezinbestekoa duela prebentzio-lanetan irmo jarraitzea. Alegia, bermatu behar da erabilpen kaltebera berririk — etxebizitzak, oinarrizko azpiegiturak…— ez kokatzea uholde-arrisku eremuetan; alegia, uholde natural eta errepikakorrak izaten dituzten lekuetan. Izan ere, erabilpen berriak uholde arrisku eremuetatik aldenduz gero, hainbat gauza lortzen dira: pertsonon segurtasuna handitzea, etorkizunean uholdeekiko defentsa lan berriak egin beharra saihestea, eta, era berean, ibaiak hainbeste ez eraldatzea, hainbeste ez artifizializatzea, bizitzaz beteriko ekosistemak sustatzeko.
Orobat, Villabonako 4000 bizilagunen hondakin urak araztegira bideratu dira, eta hondakin-uren isurketa garrantzitsu bat kendu zaio gainetik Oria ibaiari. Hartara, ibaiaren kalitate fisikokimikoa —orohar, egoera ekologikoa—hobetzeko.