AMASA-VILLABONAKO UDALAK CACERESEKO ARROYO DE LUZ HERRIAN HIL DUTEN EMAKUME BILLABONATARRAREN ERAILKETA GAITZESTEN DU

gaitzespena irudia

Amasa-Villabonako udalak argi eta garbi gaitzesten du Maria Sofia Tatoren erailketa, emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen bortitzaren biktima izan dena. Amasa-Villabonako udalak dolumina, elkartasuna eta babesa agertzen dizkie biktimaren senide eta gertukoei.

Amasa-Villabonako udalak bat egiten du emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, ‘Istanbuleko Hitzarmena’ delakoarekin; izan ere, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere.

Amasa-Villabonako udalak emakumeen eta beren familia-ingurunearen aurkako indarkeriaren agerpen guztiak gaitzesten ditu eta indarkeria matxista lehen mailako arazotzat jotzen du.

Amasa-Villabonako udalak herritarrei eskatzen die har ditzatela konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, eta emakumeen kontrako edozein erasoren aurrean jarrera aktiboa har dezatela, izan ere, arazo kolektiboa baita, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. Era berean, Amasa-Villabonako udalak konpromisoa hartzen du erakunde gisa, berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako edozein erasori aurre egiteko lanari eusteko.

Azkenik, bihar, abuztuak 25, Erreboteko plazan, arratsaldeko 7etan egingo den elkarretaratzera bertaratzeko deia luzatzen die herritar guztiei, erailketa hau gaitzetsi eta elkartasuna adierazteko. Halaber, Udalak 2 dolu-egun izendatu ditu bandera ofizialak hega erdira jaitsiko direlarik.