
Tolosaldean osasun publikoan dituen gabeziak eta herritarrek jasotzen duten osasun arretan atzeman diren hutsuneengatik kezkatuta, eskaudleko hiru alkatek ekimena hartu eta kanpaina bat abiatzea erabaki dute. Gaur goizean Ibarran egindako agerraldi publikoan, Arantxa Irazusta Alegiako alkatea, Igor Zapirain Ibarrako alkatea eta Beatrzi Unzue Amasa-Villabonako alkateak parte hartu dute eta ondorengo mezua plazaratu dute:
Osasun publikoa orain
Tolosaldeak erabaki
Duela hiru hamarkada baino gehiago, eskualdea ospitalerik gabe geratzeko arriskua zegoenean, Tolosaldeako alkate guztiak batu eta mobilizatu ziren. 2014an, Tolosaldeako, Andoaingo eta Legorretako alkateek egindako deialdiari erantzunez, milaka lagunek aldarrikatu zuten osasun arreta duina eskubidea dela eta kudeaketa publikoa eta kalitatezkoa dagokigula. Orain ere iruditzen zaigu Tolosaldeako alkateok zilegitasuna dugula eskualdeko osasun arretaren egoera konpon dadila eskatzeko.
Izan ere, urteetako gabezia dago Tolosaldean, eta lehen arretako zentroak dauden herrietako alkateok kezkaz bizi dugu egoera hori. Gipuzkoan, Tolosaldea da ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra, eta, gure ustez, kalitatezko osasun arreta bermatzeko, ezinbestekoa da sare publikoaren barnean egotea. Ordezkatzen ditugun herritarrekiko dugun arduragatik, Tolosaldean ere osasungintza publiko, unibertsal, doako eta euskalduna berma dakigula aldarrikatzen dugu.
Gure aldetik, konpromiso irmoa dugu eskualdeko diagnostiko soziosanitarioa zein azterketa soziodemografikoa bultzatzeko, eta azterketa horietarako beharrezko baliabideak eskura jartzeko. Arreta hobetzeaz gain, osasunean eragiten duten aldagaiak kontuan hartuta, osasun ikuspegia udal politika guztietan txertatu eta osasunaren sustapenean zein prebentzioan sakontzen jarraituko dugu.
Baina, udaletatik harago, iruditzen zaigu gainerako erakundeek ere dagokien erantzukizunarekin jokatu beharko luketela. Hargatik, Alegiako, Ibarrako eta Amasa-Villabonako alkateok deia egiten dizuegu eskualdeko gainerako alkateei, datozen hilabeteetan kalitatezko osasun arreta publikoaren alde abiarazi asmo dugun aldarrikapen eta mobilizazio kanpainara batzeko eta kanpaina hori indartzeko.
ARANTXA IRAZUSTA. Alegiako alkatea
IGOR ZAPIRAIN. Ibarrako alkatea
BEATRIZ UNZUE. Amasa-Villabonako alkatea