II. Faseko neurriak biltzen dituen Eusko Jaurlaritzaren dekretua: Deskargatu
Etxeetan 15 laguneko bilkurak egin ahal izango dira eta ostalaritza lokalek zein elkarte gastronomikoek %50eko edukierarekin zabaldu ahal izango dute
Gaurtik aurrera deseskalatze prozesuko II Fasean sartuko gara Euskal Herriko hegoaldean. Alor askotan orain arte izan ditugun neurriak leundu dira eta deseskalatze prozesuan beste urrats bat eman da. Gaur hasi gutxienez ekainaren 7ra bitartean neurri malguagoak dituzten hainbat alor dituzue jarraian:
MUGIKORTASUNA ETA ORDUTEGIAK
Probintzia barruko mugikortasuna librea izango da. Jarduera ezberdinetarako ordutegiak desagertu dira. Soilik ondokoa izan beharko da kontuan: 70 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute espazio publikoan 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Probintzia batetik bestera arrazoi sozioekonomikoengatik soilik pasa ahal izango da.
PERTSONEN BILKURAK
Etxeetan 15 pertsona arteko bilkurak egin daitezke, familia bereko pertsonen zein lagunen artean. Lokal pribatuetan eta erabilera publikoko gune irekietan biltzeko aukera ere badago. Topaketa horiek distantziak eta prebentzio baldintzak betez egin beharko dira.
OSTALARITZA ETA ELKARTE GASTRONOMIKOAK
Tabernak eta jatetxeek, terrazez gain, barruko espazioak irekitzeko aukera dute. Bi kasuetan %50eko edukierarekin jardungo dute gehienez, beharrezko distantzia eta higiene neurriak hartuta eta barruan, mahaietan eserita soilik egon ahal izango da.
Elkarte gastronomikoei dagokienean, %50eko gehienezko edukierarekin funtzionatu ahal izango dute, ostalaritzari dagozkion segurtasun eta higiene neurriekin.
SALTOKIAK
Dendek edukieraren %40arekin egin ahal izango dute lan.
KULTURA ETA AISIALDIA
Kultura eta aisialdia berreskuratu ahal izango da espazio itxietan. Museoek edukieraren %50arekin jardun ahal izango dute eta kultur etxe, antzoki, zinema eta antzekoek edukieraren herenarekin, gehienez 50 pertsona bilduz, dagozkien segurtasun neurriekin.
TURISMO AKTIBOA ETA NATURA
Turismo aktibo eta naturalarekin berriro hastea baimendu da, gehienez 20 pertsonako taldeetan.