Gaur eguerdian egindako agerraldian, Beatriz Unzue alkatea, Garazi Bengoetxea kultura zinegotzia eta Joxean Kubero kultura teknikariak parte hartu dute eta udaleko Kultura sailak uztailerako prestatu duen egitaraua arkeztu dute publikoki.
Honakoak izan dira Beatriz Unzueren hitzak gaurko aurkezpenean:
“Gaurkoan, udaleko kultura sailetik uztailerako prestatu dugun kultur egitarau bereziaren berri eman nahi dizuegu.
Lehenik eta behin, ezin dugu aipatu gabe utzi kultura sektoreak bizi duen egoera larria. Covid-19aren krisiak oso gogor kolpatu ditu gure kultur sortzaileak, antzezleak, musikariak etab. Hilabete luzetako geldialdia ekarri baitu.
Hori nabarmen geratu zen euskal kulturgintzak apirilaren 21 eta 22an egindako greban. Guk udal gisa, bat egin genuen greba horrekin, egoeraren larritasuna konpartituz.
Hau esanda, Amasa-Villabonako udalean ahalegin berezia egin nahi izan dugu martxoko eta apirileko kultur programaziorako hitzartuta zeuden emankizunak bertan behera utzi beharrean, atzeratu eta udazkenean eskaintzeko. Esan behar da ia kasu guztietan lortu dugula.
Bestalde, uztaileko kultur eskaintza berezi hau “Berpiztu Amasa-Villabona” dinamikaren baitan kokatzen dugu. Hilabete luzetan kulturaz bertatik bertara gozatzeko aukerarik gabe egon gara. Orain aukera zabaldu denean, herritarrei berriro eskaintza mahai gainean jarri nahi izan diegu, gure kaleak piztu eta alaitu daitezen. Zentzu honetan kale antzerkia eta aire libreko zine emanaldiak azpimarratu nahi genituzke, berritasun nagusi gisa.
Gure ustez kultur programa zabala, anitza eta oso erakargarria aurkezten dugu eta herritarrak animatzen ditugu gerturatu eta gozatzera.”
Ondoren Joxean Kuberok aurkeztu ditu egitarauan sartu diren ekimen kulturalen xehetasun nagusiak. Esan beharrik ez dago kultur ekintza guztietarako segurtasun neurri bereziak ezarriko direla, pertsonen arteko distantziak uneoro errespetatu daitezen.
Egitarau osoa: HEMEN