Elola eta Etxeberria txapeldun 2020ko Santio pilota txapelketan

IMG 2572

Pasa den larunbatean pilota jaialdi ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zen Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Behar Zana pilota elkarteak ez zuen Santio txapelketa antolatzeari uko egin nahi izan eta segurtasun neurri zorrotzak ezarrita (ikusleei tenperatura hartu zitzaien, denak musukoa edo maskarila jarrita eduki zuten, aforoa murriztu zen distantziak mantentzeko…) aurtengoan ere nagusi mailako pilotari onenetakoak ikusi ahal izan dira gurean. 

Udalaren izenean, Behar Zana elkarteko antolatzaileen lana eskertu nahi dugu, momentu guztietan ezinbestekoa zen seriotasun eta arduraz jokatu dutelako txapelketa honetako jaialdi guztietan.

Behar Zana elkarteko pilotari gazteen partida ederra

Larunbateko ikuskizuna Behar Zana elkarteko gazteen arteko eskuz binakako partiduarekin hasi zen. Partida polita eskaini zuten, tanto ederrekin eta sarritan berdinduta joan ostean azkenean E. Aranburu-Jauregi bikotea gailendu zen Aburuza-Iraola bikotearen aurretik. Markagailua 20-22 geratu zen. Maila aparta erakutsi zuten gure herriko elkartean hazi eta hezi diren gazte hauek.

Final desorekatua baina kalitatez betea

2020ko Santio txapelketako final handian, Urbieta II.a eta Ormazabal aurretik joan ziren laugarren tantora iritsi arte. Laugarren tantoan berdinketa eskuratu, eta ordutik aurrera Elola eta Etxeberria izan ziren nagusi. Elolak sakez tanto ugari lortu zituen, eskuinarekin duen pilota-kolpe ikusgarria baliatuz. Bikote gorria ezinean aritu zen, batez ere Elolak pilotari ematen zion abiadurari aurre egiteko zailtasunekin. Partida 08-22ko markagailuarekin amaitu zen. Eskualdeko pilotariek ezin izan zuten txapela jantzi, baina pozik geratu dira egindako txapelketarekin.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak eta Arantxa Laskurain Behar Zana elkarteko lehendakariak banatu zituzten oroigarri eta txapelak.

Bejon deiela parte hartu duten pilotari guztiei.