
Uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bereziak izan dira, Covid-19aren osasun krisiak eta azken asteetan hainbat tokitan gertatu diren birusaren berragertzeek, segurtasun neurri zorrotzak ezartzera behartu baitute udala.
Lehenik, bozketa leku bakarra izatetik hiru izateko erabakia hartu zuen udalak, bozketa mahai guztiak Olaederra kiroldegian mantendu ezkero jende pilaketak izateko arrisku nabarmena baitzegoen. Ondorioz, Gurea Zinea eta Txermin auzoko Zubimusu Ikastolaren eraikina erabili ziren bozketa leku izateko.
Horrez gain, jendearen arteko metro terdiko distantzia uneoro mantendu zedin, bozketa leku bakoitzera gerturatu eta bertatiki irteteko ibilbide berezituak ezarri ziren eta bozketa leku bakoitzeko sarreran gel hidroalkoholiko pote handi bana jarri ziren.
Ez zen aipatzeko moduko gorabehera edo arazorik izan
Normaltasuna izan zen nagusi egun osoan zehar. Herritarrek bikain bete zituzten ezarritako jarraibide guztiak eta ez zen inolako arazorik sortu. Despisteren bat edo beste izan ziren arren, ez zuten garrantziarik izan. Mahaietan egotea egokitu zitzaien herritarrek ere portaera eredugarria izan zuten, beren zeregina behar bezala betez.
Amasa-Villabonako udalak bereziki eskertu nahi die hauteskunde egun berezi honetan lanean aritu diren udal langile guztiei; garbitzaile brigadakoei, udaltzainei, idazkaritzako langileei… eskerrik asko egindako lan guztiagatik.
Hauteskundeetako emaitzak Amasa-Villabonan (2020-07-12)
- EH Bildu: 1.101 (% 47,31)
- EAJ-PNV: 844 (% 36,27)
- PSE-EE/PSOE: 180 (% 7,87)
- Elkarrekin Podemos: 93 (% 4)
- PP+CS: 55 (% 2,36)
- Vox: 19 (% 0,82)
- Equo Berdeak: 16 (% 0,69)
- PACMA/ATTKAA: 9 (% 0,39)
- Aulki Zuriak: 4 (% 0,17)
- PUM+J: 2 (% 0,09)
- Zero Murrizketa: 1 (% 0,04)
Abstentzioa %45,51
Baliogabeak: 11 (%0,47)
Zuriak: 15 (%0,64)
Hautagai-zerrenden botoak: 2.327