Nekane Murga Osasun sailburuak eguneroko prentsaurrekoan eman du berria: EAEn ostegunetik bertatik, uztailak 16, derrigorrezkoa izango da maskara jantzita eramatea gune publiko guztietan, kalean bezala komertzio edo tabernetan. Nafarroan ostiralean ezarriko da indarrean neurri bera.
Osasun sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan maskararen erabilera derrigortu egingo duela 24 orduko epean: EAEn musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da kalean eta espazio publiko itxietan, pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere.
Ostalaritzan, taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoetan maskara erantzi ahal izango da soilik jan edo edateko unean, beste une orotan jantzida eduki beharko da. Gainera, mahai baten inguruan gehienez ere 10 pertsona egon ahalko dira, berdin du barruan edo kanpoan egon.
Hondartzetan eta igerilekuetan ere maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da joan-etorrietan, soilik kendu ahal izango da etzatean edo esertzerakoan, eta hau ere pertsonen artean metro eta erdiko tartea gordeta eta maskararik gabeak elkarbizitza unitate bereko pertsonak izatekotan.