Udalak Gizarte Zerbitzuen gida berria aurkeztu du

Baliabideen gida

Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen saileko baliabideen gida berria aurkeztu dute gaur Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde alkateordeak, Arantxa Lopez Gizarte Politiketako zinegotziak eta Itziar Garcia gizarte langileak.

Baliabide guztiak biltzen dituen liburuxka berri hau herriko etxe guztietara banatuko da datorren astean zehar, eta, www.villabona.eus webgunean ere eskuragarri jarriko da euskaraz eta erdaraz. Aurrerantzean, beste hizkuntzetara ere itzuliko dela adierazi dute udal ordezkariek.

Jarraian, agerraldian zabaldu den mezua:

COVID-19ak sortutako osasun krisiak, ezarritako alarma-egoerak eta birusaren hedapena geldiarazteko indarrean jarri diren ez-ohiko neurriek eragin handia izan dute herritar guztiengan. Osasun larrialdiak, aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko eta soziala ekarri du berarekin eta pertsona zein familia asko egoera zailean aurkitzen dira. Asko dira etorkizuna kolokan duten pertsonak, ERTEetan daudenak eta lanean jarraituko ote duten zalantza dutenak, langabezian geratu direnak, diru sarrerarik gabe (edo oso gutxirekin) bizirauten ari diren autonomoak etab.

Egoera horren aurrean, Villabonako Udalak ahalik eta gizarte babes zabalena eta onena eskaintzeko konpromiso irmoa du. Azken finean, Amasa-Villabonan bizi diren pertsonen ongizateaz ari gara, eta udal honentzat lehentasunen artean lehentasunezkoena, pertsona guztien oinarrizko behar eta eskubideak bermatzea da. Pertsonak erdigunean jartzen direla esatea, ezin da eslogan huts bat izan, guk benetan jartzen ditugu pertsonak erdigunean eta horregatik udaleko Gizarte Zerbitzuen saila indartzeko neurri zehatzak hartu ditugu; azken bi urteetan sailaren aurrekontua ia %40an igo dugu, COVID-19ak eragindako larrialdi egoerei erantzuteko laguntza-lerro berriak jarri ditugu martxan, pertsonal aldetik ere saila indartu dugu, eta gaur beste urrats garrantzitsu bat aurkeztera goaz.

Gizarte babeserako baliabideak edo laguntza-lerroak martxan jartzea ez da nahikoa. Ezinbestekoa da herritarrek informazioa edukitzea eta informazio horrek argia, ulertzeko erraza eta benetan erabilgarria izan behar du. Gizarte Zerbitzuetan neurri berriak hartzeak ez du ezertarako balio, herritarrak ez badira enteratzen edo horri buruzko informazioa eskuratzeko aukerarik eskaintzen ez bazaie. Beraz, oso garrantzitsua da herritarrei zerbitzu guztien berri ematea.

Ildo horretan, gida honen bidez, gure udalerriko pertsonei beren interesekoak izan daitezkeen zerbitzu, baliabide edo laguntzei buruzko informazioa eskainiko diegu. Horretarako, dokumentu bakar batean bildu nahi izan ditugu udalak eta beste erakunde publikoek kudeatzen dituzten zerbitzu edota laguntza guztiak. Informazio hori guztia sakabanatuta egoten da, kasu askotan nahasmena sortzen da eta egoera hori hobetu nahi dugu argitaratu dugun gida berri honekin.

Gida honek ez du informazio guzti guztia jasotzen, laburpen bat dela esan dezakegu. Baina era berean ahalegin berezia egin dugu informazio baliagarria jaso dezan eta beharra duenarentzat erabilgarria suerta dadin. Horrela, gida honetan, ezagutu beharreko zifrak, bete beharreko baldintza zehatzak, zerbitzu ezberdinekin harremanetan jartzeko bideak (telefonoak, bulegoen ordutegiak…) eta azalpen labur eta argiak aurki daitezke.

Herritar bakoitzak duen egoeraren arabera, laguntza edo zerbitzu motaren bat jasotzeko baldintzak betetzen dituen egiaztatzen laguntzeko tresna gisa ere ikusten dugu gida hau. Norberak pertsona gisa edo familia unitate bakoitzak, gizarte honetan aitorturik dituen eskubideei buruz informatu nahi dugu, kasu askotan ez baitira eskubide horiek ezagutu ere egiten.

Amaitzeko, diru sarrera eskasagatik pobrezia arrisku egoeran edo beharrizan ezberdinak izan ditzaketen herritarrei, inolako konplexurik edo beldurrik gabe Villabonako udaleko Gizarte Zerbitzuetara jotzeko deia egiten diegu. Bertan arreta emango zaie guztiei eta informazioa edota aholkuak jasotzeko aukera izango dute. Egoeraren kudeaketa beste erakunde publiko bati badagokio ere, udaleko Gizarte Zerbitzuek bertara jotzeko bideak azalduko dizkiote gerturatzen denari.

Ekimen honen helburua, gida hau eskuratu ondoren, bakoitzak nora jo dezakeen jakitea izango da. Beraz, herritarrei mezu argi bat helarazi nahi diegu: Ez geratu zalantzarekin eta aholkua eskatu!

Gidaren informazioari buruzko edozein argibidetarako, hona hemen kontsultarako bideak:

VILLABONAKO UDALEKO GIZARTE ZERBITZUAK:

  • Telefonoa: 943692100 (ordutegia: 8:00etatik 14:00etara).
  • Posta elektronikoa: gizarte@villabona.eus
  • Aurrez aurreko arreta: Ezinbestekoa da udaletxeko behe solairuan dagoen Herritarren Arreta Zerbitzura jotzea eta aurrez ordua hartzea.