Amasa-Villabonako udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak urteko jardueren memoria osatu eta aurkeztu du, lehen aldiz.
Azken urteetan Amasa-Villabonako udalak aurrera urrats sendoak eman ditu herritarren ongizatea helburu duen Gizarte Zerbitzuen saila indartzeko. Besteak beste, 2019. urtetik Gizarte Zerbitzuetako sailaren aurrekontua %36an handitu da eta sailaren zerbitzuak zabaltzeko langile administrari bat gehiago kontratatu zen.
Gizarte Zerbitzuen sailak Amasa-Villabonan bizi diren pertsona guztiek bizitza duin bat eduki ahal izateko oinarrizko baldintzak bermatzeko egiten du lan, pobreziarik eta gizarte bazterkeriarik gabeko herri bat izateko helburuarekin. Lan horretan ezinbestekoa da alor honetan eskumenak dituzten erakunde publikoen arteko elkarlana, eta elkarlan horretan ere aurrera pausu nabarmenak eman dira.
Horrez gain, legealdi honetan sail honek berdintasuna helburu duten politika feministak jarri ditu martxan, besteak beste indarkeria matxistaren kontrako kanpainak garatuz eta matxismoari aurre egiteko gida praktikoa sortuz, beti herriko mugimendu feministarekin elkarlanean.
Sail honetan lantzen dira Amasa-Villabonan garatzen diren elkartasun politikak ere. Alde batetik Nazioarteko elkartasunari dagokionez, aipagarriak dira El Salvadorreko Meanguera herrian ur-hornidura ezartzeko bideratzen den laguntza edo Saharar herriari laguntzeko garatzen diren kanpainak. Bestalde, Gipuzkoan eta Tolosaldean gizarte arloan lan egiten duten Gobernuz Kanpoko Erakundeekin elkarlana gero eta sendoagoa da eta elkarte hauek beren jarduna garatu ahal izan dezaten, dirulaguntzak bideratzen dira udaleko Gizarte Zerbitzuen sailetik.
Hau guztia eta askoz datu eta eskuhartze gehiago barnebiltzen ditu Amasa-Villabonako Gizarte Zerbitzuen sailak aste honetan argitaratu duen 2021. urteko memoriak, hemen dituzue datu esanguratsu batzuk:
- 2021ean, guztira, sailak inbertitu duena: 592.571 euro
- Aurrez aurreko arreta jaso duten pertsonak: 900
- Gizarte Larrialdietarako laguntzak jaso dituzten pertsonak: 64
- Kotizatu Gabeko pentsioa jaso duten pertsonak: 25
- Familia inguruneko zaintzetarako zein profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoa jaso duten pertsonak: 75
- Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jaso duten pertsonak:39
- Babes-produktuak jaso dituzten pertsonak: 31
- Etxez etxeko zerbitzuaren bitartez artatu diren pertsonak: 26
- Telelaguntza zerbitzuaren bitartez artatu diren pertsonak: 103
- Familia esku-hartze programaren bitartez artatu diren adingabeak: 12
- Arreta psikologikoko programaren bitartez artatu diren pertsonak: 10
- Laguntza juridikoaren programaren bitartez artatu diren pertsonak: 1
- Harrera zentroan ostatu hartzeko eskaera bitartez artatu diren pertsonak: 2
- Elikagai bankuaren programan parte hartzeko eskaera egin duten pertsonak: 51
- Aukerak Suspertzen programan artatu diren adingabeak: 12
Deskargatu memoria osorik:
Gizarte Zerbitzuen saileko memoria – 2021 urtea