
‘Herritarron hizkuntza-eskubideak auzitan’ izenburupean hitzaldi antolatu dute Udaleko Euskara sailak, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarlanean. Ekainaren 14an, izango da, Villabonako Subijana etxean, 19:00etan.
Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko gakoak azalduko zaizkie hitzaldian bertaratutakoei, eta euskaraz bizitzeko nahia egunerokoan eta praktikan errealitate bihurtzeko zer egin ere landuko da. Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubekak gidatuko du saioa.
Euskaldunen eta euskaltzaleen kontzientziazioan eragitea da hitzaldiaren helburua. Oinarrizko eskubideak diren hizkuntza-eskubideen urraketak ondorio argiak eragiten dituzte, eta euskaraz jarduteko ezintasuna mota guztietako zerbitzu eta jardueretan islatzen da: osasun zerbitzuetan, justiziaren eremuan, segurtasun arloan, aisialdian, kontsumo-harremanetan… Horretan eragiteko, lege aldetik euskarak eta euskaldunek duten babesa aztertuko da saioan; hainbat egoeren aurrean herritarrek izan beharreko jarrera landuko da; eta norbanakoetatik hasita aldaketarako dauden tresnen eta aukeren berri emango da.