Minbiziaren Aurka Elkarteak lehenengo mendi-martxa solidarioa antolatu du irailaren 28rako, Villabonan. Ekintza honekin gaixotasunaren inguruko tabu soziala desagerrarazi nahi du. Gainera, elkarteak, beste hiru helburu ere finkatu ditu: gizartearen parte-hartzea handitzea elkartasunezko jarduera fisiko baten bitartez, minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzeko helburuarekin, eta kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea.
Goiz osoko egitaraua
Maider Sierra, Minbiziaren Aurka Elkarteko kideak adierazi duenez, martxa solidario honek 7,7km izango ditu, 09:30etan abiatuko da Berdura Plazatik, eta leku berean amaituko da. Herritar guztiei zuzendutako jarduera izango da. Gainera, jai egun hau haur zein helduek gozatzeko aukera izan dezaten, goizean zehar hainbat ekintza egongo dira Berdura plazan bertan:
- 11:30ean: Aisialdiko jolasak (Irrika aisialdi Taldearen eskutik) eta buruhandiak.
- 12:30ean: Villabonako Eresargi abesbatza
- 13:00etan: Amaia Agirre Bertsolaria
Izen-emateak Olaederran edo online
Elkartasun mendi-martxa honetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Horretarako bi bide jarri dituzte aukeran antolatzaileek:
- Villabonako Olaederra kiroldegian
- rockthesport.com webgunean
Izen-ematea, zapia eta motxila barne, 7 eurokoa izango da, 13 urtetik gorako partaideentzat. 4 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek 4 euro ordaindu beharko dituzte. 3 urte azpiko haurrek dute doan parte hartzeko aukera izango dute.
Zientzia gunea, irailaren 24an
Irailaren 24an ikerketa onkologikoaren munduko eguna dela kontuan hartuta, etxeko txikienei zuzendutako minbiziaren ikerketaren inguruko Zientzia gune bat jarriko da Berdura plazan.
Pazienteei eta senideei laguntzeko elkartasun ekitaldia
Maria Jesus Rodriguez Tolosaldeko elkarteko batzordekideak azpimarratu du, “Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak oso argi dauka pazientea eta senideak erdigunean jarri behar direla. Horregatik, jarduera honekin lortzen ditugun onura guztiak pazienteeei zein senideei zuzendutako gure doako zerbitzuak eskaintzen jarraitzera bideratuko dira.”
Udalarentzat ohorea da ekitaldi hau hartzen duen lehenengo udalerria izatea
Gaur eguerdian, Udaletxeko batzar aretoan elkartasunezko lehenengo mendi-martxaren aurkezpen ekitaldian, Beatriz Unzue alkateak adierazi du “Ohore handia da guretzat ekitaldi berezi hau hartzen duen lehen udalerria izatea. Herritar guztiak animatu nahi ditugu ekitaldi honetan parte hartzera eta elkartasun adierazpen handi honekin bat egitera”.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie CMO Valves enpresari martxaren babesle nagusia izateagatik, Amasa-Villabonako Udalari eta Aizkardi Mendizale Elkarteari beraien ezinbesteko laguntzagatik. Eskerrik asko edizio honetan parte hartu duten gainerako kolaboratzaileei: Eresargi Abesbatza, Irrika Aisialdi Elkartea, Ataria, Solan de Cabras, El Diario Vasco, Gurutze Gorria, Noticias de Gipuzkoa, Dioni Frutas eta Aneto.