Aurrera jarraitzen du “Amasa-Villabona 1960-2019. Giza eskubideen urraketak”

aranzadi logoAranzadi Zientzi Elkartearen esku utzi zuen Udalak

Orain dela hilabete batzuk, Udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordeak, azken hamarkadetan, udalerriko pertsona desberdinak jasan ahal izan dituzten eskubide urraketen inguruko ikerketa Aranzadi Zientzi Elkartearen esku uztea onartu zuen. Lan honen helburu nagusia, urraketak jasan dituzten biktima guztiak identifikatu eta giza bake zein elkarbizitza sendotzea da.

Pasa den astean, Udalak informe hau egiteko erabiliko diren, helburuen zehaztasunak, metodologia proposamena eta lan egutegia jaso zituen Aranzadiren eskutik.

Helburuen zatian, hiru nagusi proposatzen dira: lehenik eta behin, biktimek gertutakoaren inguruan egia jakiteko duten eskubidea eta egia hori, botere publikoek sustatu beharko luketen memoria kolektiboan txertatzea (“gertakizunen memoriarik moralezko egia duen batera igaro”); bigarren, Udaletik ahal diren ekintzak sustatuz, gertatutako urraketa horien inguruko justizia egin ahal izatea, eta azkenik, biktimen (material zein inmateriala) konponketa eskubidea.

Metodologiari dagokionez, gizarte agente zein politikoekin topaketak, biktima edo familiartekoekin kontaktuak eta iturri historikoen analisi desberdinak egitea aurreikusi da. Lanak giza eskubideen aurka eginiko ekintzen inguruko datu basearen ezarpena osatzen du baita ere. Analisi honetan, testigantza pertsonalen inguruko generoaren ikuspegia ere jasoko da emakume eta gizonen arteko oreka mantenduz.

Egutegiaren arabera, urte honetan amaituko da ikerketa lanarekin. 2020an lortutako ondorioak argitaratuko lirateke eta gaiaren inguruko liburu bat idatziko litzateke.