Villabonak bi komun publiko izango ditu herriko gune estrategikoetan; Erniobea kalean (Osasun etxearen ondoan) eta Arroako plazan (Fleming Herri Eskolaren ondoan). Azken frogetan arazorik sortu ezean, bihar arratsaldetik aurrera egongo dira martxan eta hauen erabilera doakoa izango da. Zerbitzu berri honetarako, Udalak, 106.653,66 euroko inbertsioa egin du.
Erabilera mistoko eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat irisgarriak diren bi komun auto-garbigarri jarri ditu Udalak Villabonako kaleetan. Hauen kanpoaldean hiru pertsonentzako pixatokiak egongo dira. Instalakuntza lanak behin amaituta, bihartik aurrera erabilgarri egongo dira.
Villabonako herrigunean bi komun publiko berri ezarri dira; bata Erniobea kalean, Osasun etxetik gertu, eta bestea Arroa auzoko plazan, Fleming Herri Eskolaren alboan. Kokapen hauek ez dira kasualitatez aukeratu, hirigintzako irizpide teknikoetan oinarrituta baizik. Besteak beste, herritarren joan-etorriak kontuan hartu dira, komun publikoek erabilera izan dezaten. Etorkizunean Erreboteko plaza inguruan mota honetako beste komun publiko bat ezartzea aurreikusten du Udalak.
Kanpoaldean koloretako argiak dituzte komuna libre, okupatua edo automatikoki garbitzen ari den adierazteko, eta hauen erabilera, gehienez ere, 15 minutukoa izango da.
Auto-garbiketaz gain, astean behin mantenua
Komun auto-garbigarri hauek eserlekua, komunaren barrualdea, lurra eta kanpoko pixatokiak garbitzeko eta desinfektatzeko sistema automatizatua badute ere, Udalak, astean behin, beharrezkotzat jotzen dituen garbiketa lanak egingo ditu, hauek egora txukunean mantentzeko.
106.653,66 euroko inbertsioa egin du Udalak
Dagokion esleipen prozesua burututa, Proyectos e Instalación de material urbano S.A.U enpresa izan da komun auto-garbigarri hauen hornidura eta instalazioaz arduratu den enpresa, eta horretarako, Udalak 106.653,66 euro bideratu ditu. Zimentazio lanak, aldiz, udal brigadako langileek egin dituzte.
Udalak komun berri hauek errespetatzeko eta zaintzeko eskaera egiten die herritarrei. Guztiok erabili nahi baditugu, baldintza higieniko egokietan mantendu behar dira.