Lau urteko lanketa gogorraren ostean, liburu forman aurkeztu ditu emaitzak Esti Amenabarro Aritza Kultur elkarteko kideak. Memoriaren Asteari irekiera emateko, ezin hobeto hautatu zuten Egia Ezagutzeko Eskubidearen Nazioarteko Eguna, isiltasunari argia jartzea baitu helburu. Subijana etxeko aretoa lepo beteta, lau urteotan memoria historikoan egindako lanketari errepasoa eman zion Nora Urbizu alkateordeak, bide horretan lagundu duten guztiei eskerrak emanez eta egia guztiak mahai gainera atera arte lanean jarraitzeko konpromisoa agertuz.
Pako Etxeberria mediku forenseak hartu zuen hitza jarraian, memoria historikoa berreskuratzea guztion esku dagoen gauza dela azpimarratuz. Inoren zain egon gabe frogak biltzen joatearen garrantzia nabarmendu zuen, memoria historikoak dituen hiru zutabeak sakonduz: testimoniala, periziala eta dokumentala. Horri jarraiki, Aritzak froga testimonial asko jaso dituela eta kontakizun horiei esker froga perizialak biltzera ere iritsi dela aipatu zuen (Amasako panteoian egindako indusketa gogoratuz). Artxiboak arakatuz froga dokumental ugari topatu direnez, lan osoa lortu duela onetsi zuen Etxeberriak, Esti Amenabarro eta lantalde osoa zorionduz.
Xabier Urmeneta psikologoak isildutako egiak kontatzearen garrantzia izan zuen hizpide, baina batik bat liburuan kontatzen diren gertakizunak testuinguru orokorrean kokatu zituen, garaiko egoeraren azalpenetan sakonduz.
Azkenik Esti Amenabarrok hartu zuen hitza, ikerketaren abiapuntutik helburu izan zutena zehaztuz: gerra galdu zutenen egia kontatzea. Izan ere, Amenabarroren hitzetan “gerra irabazi zutenek izan dituzte hiletak, omenaldiak, monumentuak… eta gainerakoek isiltasuna pairatu dute urte luzez”. Beraz, historiari falta zitzaion zatia osatzera dator lanketa. ‘Frankismoaren aztarnak arakatzen II: Egiaren minak‘ da azken liburu honen izenburua. Lehenak froga dokumentalen bilduma osatu bazuen, oraingoak gertakari haiei “ahotsa eta bihotza” jarriko dizkiete, norbanakoen bizitzak ardatz hartuta. Amenabarrok esker oneko hitzak izan zituen ikerketan zein liburuarekin lagundu duten guztientzat: testigantzak eman dituzten senideei, Aritza Kultur Elkarteko kideei, Nora Urbizuri, Aldundiari, Bea Medrano diseinatzaileari eta etxekoei.
Memoriaren astea hasi besterik ez da egin, eta astebetez lanketan sakontzeko aukera eskainiko du puntako adituekin.
Ikusi argazki bilduma