
Elkartasun azoka ez da azoka konbentzional bat izango; truke-azoka bat baizik. Gosaritarako elikagaiak ekartzen dituzten herritarrek Elkartasun Sareak biltegian duen materiala (panpinak, liburuak, arropa, mahai jolasak…) eramateko aukera izango dute. Elkartasun Sareak, Irrika Aisialdi Taldeak eta Amasa-Villabonako Udalak elkarlanean antolatutako ekimen hau otsailaren 24an izango da, larunbatean, Villabonako Berdura plazan.
Gosaritarako elikagaiak bildu nahi ditu Elkartasun Sareak larunbatean, goizeko 10:00etatik 13:30etara. Azoka berezi honen oinarria, ordea, trukea izango da; esnea eta gailetak eramaten dituzten herritarrek, Elkartasun Sareak urteotan almazenean pilatu dituen materiala eramango dute bueltan.
Amasa-Villabonako herritarren eskuzabaltasunari esker material ugari pilatu du biltegian Elkartasun Sareak azken urteotan. Material horri guztiari bizitza berri bat emateko, eta bide batez, behar handiena duten herritarrei oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko, Elkartasun Sareak 365 gosari biltzeko erronka abiarazi du.