Amasa-Villabonako Fleming, Zubimusu eta Erniobea BHIko ikasleek garapen jasangarriaren inguruko lanketa ezberdinak egin dituzte Eskolako Agenda 2030 egitasmoaren baitan, eta Energia, bizitzaren motorra egitasmoa antolatu dute herritarren artean energiaren erabileraren inguruko kontzientzia sortzeko.
Gaur goizean herriko hiru ikastetxeetako ordezkariek prentsaurrekoa egin dute ekimenaren egitaraua aurkezteko, eta hainbat hitzordu jarri dituzte datorren asterako:
Maiatzak 14, asteartea
10:00 – 12:00, VILLABONAKO KALEETAN
Zubimusu Ikastolako LHko ikasleek eskuorriak banatuko dituzte Villabonako kaleetan. Bide batez, herrian oinez ibiltzearen aldeko kanpaina ere egingo dute.
Maiatzak 15, asteazkena
10:30 – 12:30, BERDURA PLAZAN
Erniobea eta Fleming ikastetxeetako ikasleek sortutako kartelen erakusketa egingo dute. Energia izango da kartel hauen gai nagusia. QR kodeen bidez lan hauek burutzeko bildu duten informazioa eta audio-tutorialak ere zabalduko dituzte.
18:00, GUREA ANTZOKIAN
Energia aurrezteko gakoak izeneko hitzaldia eskainiko dute Zubimusuko DBHko ikasleek. ENHERKOM herri-kooperatibako kideek ere euren esperientzia azalduko dute hitzaldi honetan.
Prentsaurrekoan adierazi dutenez, Tolosaldeako Agenda 2030 proiektuaren baitan garatu dute egitarau hau, eta ikastetxe bakoitzak bere ekarpena egin du.