Mikel Ayestaran, gazte independentisten aurkako epaiketako auziperatua da. Epaiketaren atarian, bere bizipenen berri eman digu.
Urrian bi epaiketa hasiko dira Entzutegi Nazionalean, zer dakar horrek Amasa-Villabonara?
Urriaren 14an hasiko da lehen epaiketa, gazte independentisten aurkakoa da; 40 gazte epaituko dira, tartean ni.
Urriaren 17an aldiz, Herriko taberna eta lokalen gaia epaituko da. Kasu honetan 110 lokal daude enbargatuta, eta epaiketarekin horiek itxi eta likidatzea da asmoa. Gainera, 36 pertsona daude auzipetuta gai horren harira.
Horrek gure herrian eragin zuzena du, ni auziperatuta bainago, eta Iratzar itxi nahi baitute. Gainera, auzipetuez gain kontuan izan behar da epaiketak iraun bitartean zenbat herritarrek joan beharko duten hara.
Epaiketa bera herritarrentzat zigor izan daiteke, beraz?
Epaiketak berezko tentsio eta kezkez gain esfortzu ekonomiko zein pertsonal handia eskatzen du. Kasu honetan epaiketa luzeak aurreikusten dira, eta gastua 800.000-1 milioi € artekoa izango da (desplazamenduak, egonaldiak, 76 pertsona …). Gazteek momentuz abendura arte dute epea, eta tabernen kasuak otsailera arte. Hala ere, luzatzeko aukera handiak daude eta pazientzia hartu beharko da. Auziperatuez gain, deklaratzera joan beharko dute herritarrek, eta esan bezala estresaz eta gastuaz gain lan-arazoak ere ekar dakizkieke horrek.
Prozesu honi aurre egiteko babes elementurik sortu al da?
Bai, honi eta aurrerantzean etorriko diren epaiketa politiko guztiei aurre egiteko LIBRE dinamika sortu da. Leloak bi ikuspuntu hartzen ditu beregan: “gatazkatik konponbidera, elkartasunetik konpromisora”; esaldiaren lehen zatiak azken urteetan emandako urratsari egiten dio erreferentzia, eta nolabait gatazka albora uzteko gonbidapena luzatzen dio Estatuari. Bigarren zatiak, herritarrak aktibatzea du helburu.
Herri ekimen horretaz gain, auziperatutako 40 gazteok koordinatuta ari gara; elkar babesten dugu.
Noiztik zaudete kasuan gazte horiek?
Gazte Independentisten Sumarioan gaude, eta guztia 2009ko azaroaren 24an hasi zen. Egun horretan 34 gazte atxilotuak izan ginen, eta inkomunikatuta eduki gintuzten; horietatik 32 torturatuak izan ginen. Espetxean denbora-tarte ezberdinak igaro genituen. Nik, 8 hilabete pasatu nituen, eta 18.000 €ko fidantza ordainduta irten nintzen, epaiketaren zain.
Gehienok fidantzapeko askatasuna dugu (guztira 750.000€ ordaindu ditugu fidantzetan). Epaiketaren zain gaude denok, eta guztira 240 urteko eskaera egin du fiskalak, 6na urte. Nik 8 hilabete eginak izanik, zehazki 5 urte eta 4hilabete bete beharko nituzke.
Zer leporatzen zaizue?
Talde terroristako kide izatea leporatzen zaigu (SEGIkoak). Delitua jarduera politikoa burutzea da, eta herriarekin konprometituta egotea. Froga gisa aurkeztu dutena torturapeko deklarazioak dira, ez daukate bestelako ekintzarik leporatzeko.
Eta Herriko tabernen auzia noiztik dator?
2002. urtetik, Batasuna ilegalizatu zenetik. Erakunde terrorista finantzatzea leporatzen zaie tabernei, eta likidatu egin nahi dituzte. Lokalekin batera 36 pertsona daude auziperatuta, (Batasunako mahai nazionala hain zuzen) eta erakunde terroristako kide izatea leporatzen zaie.
Bi epaiketa hauen aurrean, zein da zuen irakurketa?
Garai bateko estrategia gainditu egin behar dela. Euskal Herria konponbidetik eta libre eraiki nahi badugu, bide berriari heldu behar diogu. Gu abiatu gara, baian kontu hauek epaitzen jarraitzen dute besteek. Testuinguru berri honetan, epaiketa hauek ez dute zentzurik; noizbait izan badute …
Bat egon al daiteke bide berrian epaiketa zaharren zain badago?
Ez da erraza. Baina argi daukagu hori dela bidea. 4 urte hauetan bizitza erabat baldintzatua izan dut epaiketaren zain. Etorkizuneko proiektu pertsonal zein kolektiboak zintzilik dauzkat, ez dakidalako zer gertatuko den. 5 urte barru egon naiteke kartzelan, edo egon naiteke libre. Noski, torturak betiko uzten ditu orbainak eta hori nirekin geratuko da.
Zer espero dezakezue?
Salbuespen epaitegi batean ezin da justiziarik espero. Edozer gerta daiteke; gainera, absolbituta ere, ez da justiziarik izango, jasan duguna eta kendu digutena inork ez digulako itzuliko.