1.500 euroko diru-laguntza BERRIA taldearentzat

Berriari txekea

Amasa-Villabonak ziztada Berriari lemapean antolatutako ekimenak bere fruituak eman ditu. Xede nagusia bete da, hots, BERRIA komunikazio taldeak bizi duen egoera zail horri aurre egiteko amasa-villabonatarren ekarpen ekonomikoa jasotzea.

BERRIA eta Egunkariaren inguruko erakusketak, joan den urtarrilaren 11n Gurea Antzokian egindako jaialdiak edota hedabide hartako zuzendari den Martxelo Otamendik Subijana Etxean eskainitako hitzaldiak erantzun bikaina jaso dute.

Euskaran Ados! lan-mahaiak, Villabonako Udalak lagunduta, buru-belarri lanean jardun du ekimen guztiak antolatu eta herritarrei horiek guztietan parte hartzeko deia zabaltze aldera.

Amasa-villabonatarren ehundaka ziztada jaso ditu BERRIAk, herri honek argi baitu euskaraz bizitzeko euskarazko hedabideak ere behar direla. Eta Zure ziztada behar dugu kanpainak dioen modura «erlauntzean bezala, komunitate osoaren ekarpenak egiten du sendo» Berria proiektua.