Umorezko bakarrizketak edo monologoak izango dira ikusgai ostiral honetan, gaueko 22:30ean, Villabonako Gurea Antzokian, lau aktoreren eskutik.
Gureako oholtza gainean arituko diren bakarrizketariak ezagunak ditu villabonatar batek baino gehiagok; izan ere, denak arituak dira aurretik 2010 eta 2011n izan diren Bakarrizketa Lehiaketetan. Hauexek dira lau aktoreak: Jon Plazaola urretxuarra, Eneritz Artetxe gernikarra, Barry Manley irlandarra eta Txiki Martinez donostiarra. Jone Gorostarzu berastegiarrak egingo ditu aurkezle lanak, hau ere aipatutako lehiaketa horretan parte hartutakoa. Aurtengo bakarrizketa gaua, ordea, Villabonako Udaleko Kultura Sailak antolatu du, eta ez du lehiaketa kutsurik;
jendeak ondo pasatzea eta barre egitea ditu helburutzat. Aktore bakoitzak 20 bat minutuko bakarrizketa egingo du, eta ikuskizunak, guztira, ez du 90 minutu baino gehiago iraungo. Sarreren prezioa 5 € izango da, eta Gurea Antzokiko lehiatilan bertan eskuratu ahal izango dira ostiralean, 21:45etik aurrera.