Hondakinen prebentziorako sentsibilizazio asteko egitaraua aurkeztu du Udalak. Europar Batasunetik datorren astea da baina Nagore Etxeberria zinegotziak azaldu duen moduan, «Villabonako Udalak bere egiten du». Zero Zabor bidean hiru pausuei ematen zaie garrantzi bizia (murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena), baina prebentzioa da guztietan garrantzitsuena Zero Zabor filosofiak dioen moduan: «hondakinik onena, sortzen ez dena» da. Azkue alkateak eta Etxeberria zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei, Udalaren ekimenek herritarren esfortzuari esker ematen dituztelako emaitzak. Hondakinen inguruko lanketa aprobetxatuta, auzokonpostaren lehen balorazioa egin du Alaitz Bilbao teknikariak. Orain 30 familia ari dira Txermingo eta Etxeondoko guneetan (erdi eta erdi) guztira 95 pertsona inguru. Prozesua azaldu du Bilbaok: «700Lko konpostadora bakoitza 4 bat hilabetean betetzen da; ondoren, beste 4 bat hilabete eduki dugu bertan ‘heltze’ prozesuan; eta azkenik, konpostadoratik atera, txikitu eta 2. ‘heltze’ fase batera pasatu da, lurrean pilatuta». Dagoeneko egin zaizkio lehen analisi fisiko kimikoak eta bakteriologikoak eta» erantzun onak lortu dira». Denera, lortutako lehen sortan, parte hartzaileei esker Udalak 3,9 tona hondakin organiko gutxiago bildu ditu, bertan tratatu delako. Gainera, 700 bat kg konpost sortu dituzte, hondakin organikoa ongarri bihurtuz. Balorazioarekin pozik esker onez amaitu du Bilbaok: «Zorionak beraz, auzokonposta programan parte hartzen duzuenoi; eta eskerrik asko herriko lorezainei guneen jarraipen egokia egiteagatik». Hala ere, astearterako iragarri zen konpost banaketa bertan behera geratu da, konposta hori erabili egin baita herriko lorategi bat ongarritzeko. Bigarren konpostaldira arte itxaron beharko da banaketa parte hartzaile eta gainontzekoei egiteko, «barkatu eragozpenak» gehitu dute arduradunek.
Sentsibilizazio astea bi ekimenek osatuko dute, osteguneko tailerrak eta larunbateko bigarren eskuko jostailu azokak. Osteguneko tailerrean energia nola aurreztu ikasi ahal izango dugu, eta baita hondakinak murrizteko hainbat gako ere; gainera, ohitura horiek gure patrikan eragin positiboa izango dutela ohartuko gara, dirua aurreztuko baitugu. Aranzadi elkarteko kideak arduratuko dira tailerraz, 18:00etan balio anitzeko gelan. Larunbateko jostailu azokan parte hartzeko Ingurumen Sailean eman beharko da izena (689749439). Ikusi egitarau osoa