Joan den asteartean, martxoak 4, Tolosaldeako 26 herrietako udal ordezkariak bildu ziren Asteasun herritarrei dei egiteko, larunbat honetan, hilak 9, eguerdiko 12:00etan INPOSAKETARIK EZ, GEUREA IKURRIÑA! lelopean, Tolosan egingo den manifestazioarekin bat egin dezaten. Eskuratu deialdiko dokumentu bateratua edo irakurri datozen lerroetan:
Tolosaldeako 26 herrietako udal ordezkariak bildu gara: ADUNA, ALBIZTUR, ALEGIA, ALKIZA, ALTZO, AMEZKETA, ANOETA, ASTEASU, BELAUNTZA, BERASTEGI, BERROBI, BIDEGOIAN, ELDUAIN, GAZTELU, HERNIALDE, IBARRA, IKAZTEGIETA, IRURA, LARRAUL, LEABURU, LIZARTZA, OREXA, ORENDAIN, VILLABONA, ZIZURKIL eta TOLOSA.
Udal ordezkari gisa izendatu gintuztenetik, gure funtzioari lotu gatzaizkio ahal bezain zuzen. Udal ordezkariak gara, gure herritarrek aukeratuak eta beraiei zor diegu gure funtzioa. Udalak, herriaren nahi eta beharrak artikulatu eta gauzatzeko helburua duten instituzio gisa ulertzen ditugu.
Oztopo handi bat aurkitu dugu bidean, gure nahi eta borondatearen aurka doana, eta gure uste apalean guk ordezkatzen ditugun herritarren nahi eta borondatearen aurka ere badoana. Espainiar Agintariek indarrez behartu nahi gaituzte gure udaletan Espainiar bandera zintzilikatzera.
Indarrez diogu, gureak ez diren legeen bidez, egin nahi ez dugun zerbait egitera behartu nahi gaituztelako. Ziur gaude euskal instituzioetan espainiar bandera zintzilikatzeko aginduaren atzean, Euskal Herria mendean hartzeko, eta hala irudikatzeko, estrategia oso bat dagoela eta hori jakinarazi nahi diegu ordezkatzen ditugun herritarrei.
Otsailaren 14ean Tolosaldeako eragile sozial, politiko eta sindikalek plazaraturiko hausnarketarekin bat egiten dugu. Gure ustez, esku artean duguna ez da arazo instituzional bat, ez da udalean topatu dugun arazo tekniko bat; herri gisa dugun arazo bat baizik. Espainiar bandera inposatzen digute gure udaletan, gurea balitz bezala agertu dezagun eta hori ez dute inoiz lortuko. Geurea Ikurriña! Inposaketarik ez!
Euskaldunak gara, ez gara espainiarrak ez eta frantsesak eta guk ordezkatzen ditugun herritarrei dei egiten diegu hala adierazi dezaten. Martxoaren 9rako Tolosan antolaturiko manifestazioarekin bat egiten dugu eta herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartu dezaten.
Tolosaldeako udaletako Alkate eta zinegotziok, Euskal Herriaren aitortza eta burujabetza lortzeko lan egin, eta euskal herritarron nortasun eta identitate zeinuak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu. Nazio gisa agertzen gaituzten ikurrak babestu eta zabaltzeko neurri zehatzak abian jarriko ditugu.
Tolosaldeako eragile sozial, politiko eta sindikalek gure udaletan aurkezturiko mozioak babestuko ditugu eta martxoaren 9an Tolosan eguerdiko 12etan burutzekoa den manifestazioan parte hartuko dugu.
Asteasun, 2013ko martxoaren 4ean.

Amasa-Villabonan ere, gure nortasunaren alde borrokan
Villabonako Udal Gobernuak ere amasa-villabonatarrei dei egiten die larunbateko manifestazioan parte hartzeko. Tolosako manifestaldia ahalik eta gehien gizarteratzeko, Galder Azkue Alkatearen izenean bando bat ipini da herriko etxe-atari guztietan. Deskargatu bandoa, hemen.
Joan den otsailaren 20an, Osoko bilkuran Bai Euskal Herriari herri ekimenak aurkeztutako Gurea Ikurriña! mozioa onartu zen. BILDUK eta alderdi jeltzaleak aldeko boza eman zuten. Sozialisten bozeramaile den Maria Luisa Arijak, aldiz, abstentzioa bozkatu zuen. «Euskal nortasuna eta gure nazioaren izatea ukatu nahi dutenen aurrean zutitzeko deia luzatzen diogu euskal jendarteari. Inposaketen aurrean herri gisa erantzutea ezinbestekoa da», berretsi zuen Galder Azkue Villabonako Alkateak. Zentzu horretan, alkateak, Gobernu Taldearen izenean, antolatzen diren egitasmo guztietan parte hartzeko deia zabaldu zuen.
Halaber, herriko jaietan nahiz Aberri egunaren testuinguruan, Ikurriña eta euskal ikurrak etxetako balkoietan zintzilikatzeko gonbitea luzatu nahi zaie herritarrei. Ikurriña geurea delako, inposaketarik ez!
Desgarkatu Gure Ikurriña mozioa, hemen.
2012ko abenduaren 13an Espainiar bandera jartzeko inposaketaren aurrean Villabonako Udalak auzitara jotzeko erabakiaren berri eman genuen webgune honetan. Ondorengo lerroetan atxikita orduan plazaratu zen albistea:
Herriz herri, Espainiako Gobernuko agintariek euskal udalei espainiar bandera udaletxe guztietan jartzeko exijitzen die. Villabonako Udalak auzitegira jo du, ustez, «herriaren borondatearen aurka doan erabakia delako». «Herritarron gehiengoarentzat sinbolo arrotza dena, gero eta udaletxe gehiagotan jartzen ari dira. Inposaketa honen aurrean, Villabonako Udalak auzitara jotzea erabaki du, gure borondatearen aurkako erabaki bat delako. Euskal Herriko Udalok Espainiako banderaren inposaketa onartu behar al dugu? Espainiako Gobernua egiten ari dena probokazio hutsa da. Legez ezarri nahi dute Espainiako bandera, borondatez onartzen ez dugulako. Horrela egin ezean, ordainketa altuekin eta gaitasun gabetzeekin mehatxatu gaituzte», salatu du Villabonako Udalak.
«Bidegabekeria honen aurrean» herritarrei balkoietan euskal ikurrak jartzeko deia luzatzen die Udalak, » herri honek, bere ikur propioak badituela aho batez adierazteko».