Urtero Oporrak Bakean programarekin hainbat haur saharar etortzen dira Tolosaldera. Programaren helburua haurrak errefuxiatu kanpamendua dagoen basamortutik ateratzea da, uda osasuntsu eta bakean igaro dezaten. Aurten bost haur etorri dira lau harrera familiatara, baina beste 14k pasako dute uda Amasan. Harrera familiez aparte, begirale talde batekin ere etorri ohi baitira haurrak. Azken urteetan Ibarran egon dira, baina aurten han egoterik ez eta Amasako apaiz-etxean daude bizitzen.
Gaur Udalak harrera egin nahi izan die bilkura gelan, merienda eta guzti. Nora Urbizuk hartu du hitza ongi etorria emateko; euren presentziak poza ematen duen arren, aurtengoa programa horrekin datozen azken urtea izan dadila desiatu du «ez hemen nahi ez zaituztegulako, baizik zuen herri asketik gure herri askera etortzea nahi dugulako». Amaitu aurretik harrera familien eta begiraleen lana ere goraipatu ditu. Jarraian Galder Azkue hitz egin du eta poza agertzeaz gain Bittor Gorria apaizari zuzendu zaio, etxea utzi izana «publikoki eskertzeko». Meriendari heldu aurretik, haur saharar batek hartu nahi izan du hitza; eskerrak eman dizkie zinegotziei harreragatik eta gaineratu du gustatuko litzaiokela eurak ere noizbait Saharara joatea «baina gure hondartzetan bainatzeko». Merienda ederra egin ostean Udaleko balkoitik jarraitu dituzte Errebote plazako futbol partiduak.