Eskolako Agenda 2030eko lanketa eta proposamenak aurkeztu dituzte ikasleek Udaletxean

20250521 EskolakoAgenda2030

Eskolako Agenda 2030 proiektuaren baitan egindako lanketa aurkeztera etorri dira herriko ikasleak Udaletxera gaur goizean. Horrela, ikasturtean zehar mugikortasun jasangarriaren inguruan egindako azterketa aurkeztu dute Xabat Laborde Alkateordea eta Hirigintza zinegotzia, Ander Goikoetxea Ingurumen Zinegotzia eta Eneritz Ugartemendia Hezkuntza Zinegotziaren aurrean.

Irakasle eta gurasoen laguntzarekin, Fleming Herri Eskola, Zubimusu Ikastola eta Erniobea Institutuko 926 ikasle aritu dira guztira Amasa-Villabonan mugikortasuna ikuspegi desberdinetatik aztertzen. Horrela, Lehen Hezkuntzako ikasleetatik hasi eta DBH 4. mailakoak arte, hainbat konpromiso hartzeaz gain, beste zenbait proposamen egin dizkiote Udalari herriko mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin.

Aipatutako lanketa burutu ondoren herriko gaztetxoek hartutako konpromisoen artean nabarmentzen dira, besteak beste, garraio publikoa gehiago erabiltzen saiatuko direla, bizikletaz mugitzean kaskoa janzteaz gain, oinezkoak errespetatuko dituztela, edota kotxea erabili behar izanez gero, hori besteekin partekatzen saiatuko direla.

Horrekin batera, Udalari zenbat proposamen egiteko aukera ere baliatu dute gaurko bisita. Hori horrela, bizikletak uzteko leku gehiago jartzea, semaforoetan itsuentzako soinua jartzea, kontzientziazio saioak antolatzea edota bizikletentzako bideak hobetzea proposatu dute, besteak beste.

Hiru ordezkari politikoek adi entzun dituzte ikasleen ekarpenak, eta guztiak xehetasunez aztertzeko konpromisoa hartu dute. Gainontzeko edizioetan egin duten moduan, aurtengoan ere ikasleek aurkeztutako proposamen guztiei erantzun bat emango diotela hitz eman dute.