Fatma Mehdi Saharar Errepublikako ministroak Amasa-Villabonako udala bisitatu du

IMG20220310111608

Gaur goizean bisita berezia jaso du Amasa-Villabonako udalak, Fatma Mehdi Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoko kooperazio ministroa eta Mohamed Limam Frente Polisarioak Euskadin duen Delegatua etorri baitira udaletxera. Duela egun batzuk Mohamed Lamin Hamdi saharar kooperazio ministerioko informazio arduraduna Amasa-Villabonako udalarekin harremanetan jarri zen, Fatma Mehdi ministroak gure herria bisitatzeko asmoa zuela adierazteko, egun hauetan ministroa Euskal Herrian dagoela baliatuta, urtez urte gure udalerriak saharar herriaren alde egindako lana eskertzeko eta saharar gobernuaren esker ona adierazteko keinu hau egin nahi izan du.

Bisita garrantzitsu hau baliatuz, Amasa-Villabonako udal gobernuak inguruko herrietako alkateak eta Tolosaldea Saharararekin elkarteko kideak gonbidatu nahi izan ditu gaurko ekitaldira eta bertan izan dira Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkatea, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Pello Estanga Anoetako alkatea, Josu Amilibia Adunako alkatea eta Iker Urruzola Zizurkilgo alkatea. Tolosaldea Sahararekin elkartetik Gregorio Izagirre izan da gaur Villabonako udaletxean. Bestalde, Euskal Fondoa-ko saharar elkartasunaren arduraduna ere bertan izan da. 

Denak batera batzar txiki bat egin dute udaletxeko batzar aretoan eta Fatma Mehdi Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoko kooperazio ministroak eta Mohamed Limam Frente Polisarioak Euskadin duen Delegatuak, gaur egun saharar herriak bizi duen egoeraren eta Saharar Errepublikak dituen erronka nagusiei buruzko azalpenak eman dituzte. Ministroak orain abiatu den “Oporrak Bakean” proiektuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du eta udalek eta sahararen aldeko elkarteek uda garaian saharar haurrak etxean hartzeko prest dauden harrera familiak lortzeko egiten den ahalegina txalotu du. Frente Polisarioko ordezkariak Sahara eta Marokoren arteko gatazka politikoaren nondik norakoak aipatu ditu eta euskaldunek urte luzez erakutsi duten elkartasun humanitario eta politikoa eskertu nahi izan du.

Aiztondo bailarako udal ordezkariek, elkartasuna oinarri gisa hartuta, saharar herriari laguntzen jarraitzeko konpromisoari eusten diotela eta aurrerantzean ere jarraituko dutela aipatu dute eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko boluntarioen lana balorean jarri nahi izan dute, beraiek gabe elkartasuna behar bezala bideratzea ezinezkoa litzatekeela adieraziz.

Amasa-Villabonako udalaren izenean Beatriz Unzue alkateak eskerrak eman dizkie gaur gurera etorri diren saharar ordezkariei; “gure udalarentzat ohore handia da Saharar Eerrepublika Arabiar Demokratikoko ministroa eta Frente Polisarioak Euskadin duen Delegatua hemen, gure udaletxean, izatea. Horrelako bisita garrantzitsuak ez ditugu egunero izaten. Mila esker etortzeagatik, zuen alboan eta laguntzeko prest izango gaituzue beti”.