
Hil diren gertuko pertsonak gogoratu nahi ditu landatuko den zuhaitz honek. Landaketa ekitaldia bihar izango da, 13:00etatik aurrera, Erreboteko plazatik abiatuta.
Gaur arratsaldean Gurea antzokian izango diren bi emanaldietan, Porrotx eta Marimototsek opari bat egingo diote Amasa-Villabonako haurrei, Zorionak Marimotots! ikuskizunaren baitan. Ikuskizunak heriotzaren gaia lantzen du, eta emanaldien ondoren, Agur izeneko pertsonajeak intxaurrondo landare bat jasoko du, herriko haur guztien izenean.
Hori horrela, bihar, martxoaren 12an, pailazoen eskutik jasotako zuhaitza Seaska haur-eskolaren atzealdeko belazean landatuko da. Eguerdiko 13:00etan egin dute hitzordua, Erreboteko plazan, eta Kristina Solanoren trikitixa ikasleen doinuek alaitutako kalejiran, Seaskako atzealdera gerturako dira bertaratutakoak. Oinkariko dantzariek ere agurra dantzatuko diote galdutako pertsona maite horien sinboloa izango den intxaurrondoari.
Ekitaldi txiki bat ere prestatu dute ondoren, zuhaitza landatzearekin batera, hildako guztiei omenalditxo bat egiteko. Heriotza gure bizitzaren parte da eta aldiro hiltzen da gertuko norbait. Behar bezala laguntzea, agurtzea eta oroitzea ahalbideratzen lagundu nahi du Amasa-Villabonako Kultura sailak antolatu duen ekitaldi honek.