GAIKAKO BILKETAREN PORTZENTAIA %80ra IRITSI DA

edukiontziak

Mankomunitatearen datuek edukiontzien sistemaren aldeko apustua ziurtatzen dute

Atez ateko eredua ordezkatu zuen edukiontzien sistema berria abian jarri ondoren Tolosaldeko Mankomunitateak duela egun batzuk Villabonako Udalari igorri dizkion ehunekoek emaitza bikainak erakusten dituzte hiri hondakin solidoen gaikako bilketari dagokionean. Tolosaldea eskualdeko herri gehienek osatzen duten Mankomunitateak helarazitako datu ofizialen arabera, hauek dira emaitzak: urrian, edukiontzi berriak ipini eta hilabete eskas batera, gaikako bilketaren portzentajea %82raino iritsi zen, eta azaroko hurrengo analisian ere ehuneko laurogeiaren muga gainditu zen (zehazki %80,75). Urtearen azken hilabetean, Gabonak direla eta hilabete konplikatua izaten den horretan, %78,02ko portzentajea lortu zen.

Datu horiek guztiak aurreko urteetako laginketa-prozedura berdina erabiliz bildu dira. Goratik gainditzen dituzte Villabonan atez ateko sistemak lortutako gehieneko datuak (%75), eta goratik betetzen dute Mankomunitateak berak datozen urtetan %70eko portzentajea lortzeko finkatutako helburua.
Udaleko gobernu taldeak (EAJ) oso balorazio ona egiten du. Maite Izagirre alkatearen esanetan “datuek izugarrizko bizkarrekoa ematen diote legealdi honetan abian jarritako sistema berriari eta akordio eta adostasunaren bideari: “sistema ezarri eta berehala, egoera berrira egokitzeak ekartzen dituen arazo logikoekin ere, %82ra iritsi izanak edukiontzien sistema eredu atsegina, erosoa eta birziklatzearen aldekoa dela erakusten du”. Agintari villabonatarraren iritziz, lortu diren portzentajeek herriaren borondateak adierazten duena arretaz zaindu behar dela erakusten dute, eta “gurea bezalako herri txiki batean, desberdintasun politikoen gainetik era bateko lehentasuna eman behar zaiela herritarren interesei”.

Gobernu taldeak portzentaje horiek sendotzeko ahaleginak egiten jarraituko du eta, birziklatzea sustatzeko ildo honetatik herritar guztiei gogorarazi nahi die badela denbora bat Liburutegiko sarreran (udaletxeko beheko aldean) materia organikoa jasotzen duen edukiontzi marroirako poltsa biodegradagarriak doan ematen dituen makina ipini zela.