Irekita portaletako erabakiak azaltzeko epea

etxeak

Apirilaren 19ra arte, GPS bulegoak portal bakoitzeko erabakiak jasoko ditu. Gizarteratze prozesuaren ostean, bi gai nagusi utzi ziren bizilagunen esku:

-Teknikoek egokitzat baloratutako sistema: kuboen kokalekua, hormako zintzilikarioak edo ‘totem’ deritzon postea. Portal bakoitzak, argazki muntaia izango du eta bizilagun guztien artean adostu beharko dute teknikarien proposamena onartzen duten edo beste ideia bat aurkeztuko duten.

-Papera komunitatean biltzeko aukera: paper eta kartoiaren frakzioa jasotzeko, atez ateko sistema erabili daiteke; edo portal osoak edukiontzi berean jaso, eta frakzio horri dagokion egunean dena batera atera. Erosoago izan daiteke, bizilagunek nahi dutenean bota dezaketelako papera/kartoia bertara, eta ez dutelako bakoitzak bere papera/kartoia ateratzen ibili behar. Portal bakoitzaren esku dago hau ere.

Bi erabaki horiek hartu, eta GPS bulegoan eman beharko du administrariak horien berri. Bestelako zalantzak ere argitu ahal izango dira bulegoan, baita apirilaren 19aren ondoren ere.