Jai batzordeak aurkeztu ditu aurtengo Santio Jaiak

prentsaurrekoaSantio Jaiek programa oparoa dute aurten ere, jai batzordeak azken hilabeteetan egindako lanari esker. Batzordeko kide diren ordezkari  eta eragileek aurkeztu dute aurtengo egitaraua, berrikuntza eta guzti. Azal lehiaketako irabazlea Jon Ander Artola izan da aurten eta jai batzordeak aurkezpena baliatu zuen azalagatik “zorionak” emateko. Txupina herriko Xake Elkarteak emango du, “urte luzez kirol minorizatu baten aldeko lana” egitearen aitortzan. Elkarlanean osatutako egitarauak denetik biltzen du: ohiko ekintzak (danborrada, sokadantza, sokamuturra, euskal jaia, gazte eguna…), baina izen handiak ere biltzen ditu; esaterako, Zea Mays taldea izango da uztailaren 24ko gauean. Beste adibide bat Eresargi abesbatzaren urteroko emanaldia da, aurten Txiki abesbatza & Umama (Juantxo Zeberio Etxetxipia Jazz Ouartet) emanaldi berezia eskainiko baitute Amalur parkean (elizaren ondoko zabalgunea). 

Ekimen berezi bat ere jarri da abian, jaiek iraun artean funtzionatuko duen: Santioak Iruditan proiektua. Jaien argazki bilduma parte hartzaile guztien artean osatzeko helburua du ekimenak. Horrela, uztailaren 31ean 23:00tan Berdura Plazan jaietako argazki bilduma proiektatuko da, denen ekarpenekin. Festetako ekintzetan parte hartzen duen edonork bidali ahalko ditu argazkiak, santioakiruditan@gmail.com helbidera edo whatsapp bidez 608750480 telefonora.