Amasa-Villabona mugikortasun plan jasangarria ari da garatzen eta horretarako, dauden ideia ezberdinak ordenatzeko ari da ‘Gea21’ enpresak ikerketa burutzen. Sanz ikerketaren arduradunak bilera irekiaren garrantzia azpimarratu zuen hasieratik, mugikortasunak guztioi eragiten digulako eta “guztiok” dugulako esperientzia gai honetan. Orain arte trafikoa landu eta zaindu den arren, orain, mugikortasuna da gako: mugimendua orokorrean lantzen da, izan autoz, trenez, oinez edo txirrindaz. Gainera, mugitzeko dugun erak eragina du bai ingurumenean, osasunean, denboran, kostuan… Hargatik, Amasa-Villabonan mugikortasunaz egindako diagnosia osatzen ahalegindu ziren. Egun autoak du presentzia gehien herrian, hori nabarmena da; horren aurrean, bi galdera planteatu zituen Sanzek: “Alda al daiteke hori? aldatu nahi al dugu hori?” Gaur egun, bailararen erdiguneak industria eta bizitokia konbinatzen ditu. Oro har oinez iristeko moduko aldeak daude hirigunean; Amasa eta Arratzain dira erosotasun horretatik kanpo geratzen direnak. Azpiegitura handiek presentzia garrantzitsua dute (A-1 autobidea, trenbidea, errepide nagusiak) eta horrek aukera adina muga dakar. Herriak oinez egiteko moduko distantziak ditu, eta eskualdean ere bizikletaz mugi gaitezke; distantzia ez da oztopo zentzu horretan. Hala ere, horrela dago proportzioa egun: %44 oinez/bizikletan, %46 autoan, %9 garraio publikoan ; Lantokira joateko ordea: %78 autoan/motoan, %10 garraio publikoan %10 oinez %2 bizikletan. Beraz, argi dago joera lanerakoan aldatzen da batik bat. Gehiengoa autoz dabil eta herrian autoa nagusitzen da. Amasa-Villabonan 506 auto daude 1000 biztanke bakoitzeko, Europar Batasuneko eta Gipuzkoako batazbestekoen gainetik; gidatzeko adina dutenen artean % 60 gidariak dira. Hori aztertuta, Sanzek planteatutako galdera honakoa da: “Villabonan bermatzen al dira beste %40 horren mugikortasun eskubideak?”eta horri erantzuteko gakoa izan daitekeen beste irizpide bat: “Zure 7 urteko haurrari bakarrik ibiltzen utzi al diezaiokezu beldurrik gabe?”. Amasa-Villabonan ia 3000 auto daude eta autoek egunaren %96a geldi igarotzen dutenez, zirkulazioaren arazoaz gain aparkalekuena ere badugu. Auto guztiak aparkatzeko 75.000 m2 beharko lirateke (herriko erdigunea baino azalera handiagoa da hori). Herrian lau auzotan dago gaitasunaren gainetik aparkatutako auto kopurua. Bestalde, egunero 800 desplazamendu egiten dira autobusez. Espazio publikoa berreskuratzeko lan handia egin da baina azpiegiturak jartzea ez da nahikoa, autoen erabilera ere mugatu beharko litzateke oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Kale Berria esaterako, hiri barruko errepide bat da eta aitzitik, Amasa-Villabonako eredu jasangarria oinezkoa da (tamainaren erosotasunagatik). Sanzek bere esperientziaren arabera dio azpiegiturak jartzea ez dela nahikoa, “autoari mugak jarri bear zaizkio”. Pentsatzen hasteko unea da zer nahi dugun: errepide bat hiri barruan ala hirigune bat autoak pasatzeko egokitua. Bilera amaieran, bertaratutakoen laguntzaz herriko gune arriskutsuak edo arazoak biltzen aritu ziren. Mugikortasun jasangarrirako lanketa honek irailean jarraituko du, beraz herritarren batek mugikortasunari lotutako kezkarik balu horren berri eman dezake komunikazioa@villabona.net helbidean.