
Azken aldian Komizar parkeko hainbat erabiltzaileren jokabide zikin eta arduragabea dela medio, egun ugaritan hondakin eta zikinkeria ugari bota eta sakabanatu da. Honen ondorioz, udaleko garbiketa zerbitzuek lan handia egin behar izaten dute ingurunea garbi mantentzeko.
Egoera hau behin eta berriro errepikatzen dela egiaztatuta, udalak ondorengo kontrol neurriak ezartzea erabaki du:
- Komizar parkeko mahaiak zenbakitu egin dira, mahai bakoitzak bere zebakia izango duelarik.
- Udaltzaingoko agenteak bertara joango dira eta mahai bakoitzeko arduradun bat identifikatuko dute. Ondoren, ordu batzuk igarota, udaltzainak berriro joango dira parkera, egoera ikuskatzera.
- Mahai horretan edo inguruan zikinkeria edo hondakinak antzematen badira, dagokion isuna ezarriko zaio identifikatua izan den pertsonari.
Udaltzaingoak mahai bakoitzean karteltxoak ezarri ditu neurri hauen berri emateko. Honen ondoren hondakinen arazoa ez bada konpontzen, udalak ez du baztertzen neurri zorrotzagoak ezartzea eta parkera kotxez igotzea galeraztea.
Bestalde, gogorarazi behar da debekatuta dagoela sua egitea horretarako ezarritako parriletatik kanpo. Izan ere, behin baino gehiagotan ikusi da sua lurrean egin dela.
Udalak arduraz jokatzeko deia egin nahi die Komizarko eta ingurune naturaletan kokatutako beste espazio publikoetako erabiltzaileei. Inguru naturala errespetatu eta zaindu behar da, sortzen diren hondakinak jasoz eta edukiontziak erabiliz.