
Irailaren 15ean abiatuko da Amasa-Villabonako Kontsumo Bonoen kanpainaren edizio berria eta abenduaren 9ra arte luzatuko da. Gure herriko merkataritza sustatzea helburu duen ekimen hau Amasa-Villabonako Udalak antolatu du Oria Merkatari Elkartearekin elkarlanean.
5.700 bono argitaratuko dira herriko merkataritza biziberritzeko
Udalak guztira 62.000 euroko inbertsioa egingo du Amasa-Villabonako merkataritza sustatzeko Kontsumo Bonoen 2023ko kanpainara, eta, guztira, 10 euroko balioa duten 5.700 bono jarriko dira herritarren eskura. Horrela, erosle bakoitzak 3 kontsumo bono lortuko ditu 20 euro jarrita, 6 kontsumo bono 40 euroren truke, eta 9 kontsumo bono 60 eurorengatik. Erosle bakoitzak, gehienez, 9 bono erosi ahal izango ditu denda bakoitzean. Beraz, kontsumo bonoen erabileraren bidez, herritarrek erosketetan %33ko aurrezpena eduki ahal izango dute.
Kontsumo bonoak kanpaina honi atxikitako dendetan erosi beharko dira, eta derrigorrezkoa izango da 16 urtetik gorakoa izatea. Bono hauek edozein bezerok erosi ahal izango ditu, bizilekua edozein delarik ere.
2023ko ekainaren 19tik 30era, saltokien izen-ematea
Kanpaina honetara atxiki nahi duten merkatariek izena eman ahal izango dute ekainaren 19tik aurrera www.villabona.eus webgunean argitaratuko den formularioaren bidez. Izena emateko azken eguna 2023ko ekainaren 30a izango da.