
Larunbatean, Indarkeria sexistaren aurkako Matazak mugimenduak bultzatutako pentsamendu feministaren V. topaketa izango da Villabonako Gurea antzokian. Genero-desberdintasunek emakumeen osasunean duten eragina da edizio honen izenburua.
Jardunaldian zehar, emakumeen osasunaren inguruko genero-ikuspegia landuko da. Horretarako, hainbat hizlari izango dira; bakoitzak bere jakintza-eremutik, osasun-arloan feminismoaren ibilbidea aztertuko dute, eta zaintzak eta generoak osasunaren gain duten eragina jorratuko dute, besteak beste. Era berean, osasun-sisteman emakumeak subjektu aktibo eta ez-pasibo gisa aitortzeko beharra aztertuko da, generoen alborapenak eta ikuspuntu androzentrikoa ezabatuz, baita genero isuriak osasun arloko adimen artifizialean ere.
Topaketa urriaren 22an, larunbata, izango da eta aurrez aurre Gurea antzokian edo online jarraitu ahal izango da goizeko 09:00etatik 14:30etara.
Interesa dutenek izena eman dezakete encuentrofeministamadejas@gmail.com posta elektronikoan izen-abizenak adieraziz eta online edo aurrez aurre joango diren azalduz; bi modalitateak erabat doakoak dira.
Jardunaldia amaitzeko, Matazetako IV. Sari Feminista banatuko da. Liburuak eta Nobel Run jokoa ere zozketatuko dira.
Literatur tailerra, topaketaren bezperan
Motorrak berotzen hasteko, ostiraleran, hilaren 21ean, Nuestros cuerpos, nuestras vidas izenburupean literatur tailerra izango da Gurea antzokian, Josune Muñoz filosofoaren eskutik. Arratsaldeko 18:30etatik 20:30era izango da, eta kasu honetan ere, Gurea antzokitik edo streaming bidez parte hartu daiteke encuentrofeministamadejas@gmail.com helbidean aurrez izena emanez gero.