Goizean aurkeztu du Aritza Kultur Elkarteak Amasa-Villabonako memoriari zuzendutako atari digitala: amasavillabonaoroitzen.net . Memoriaren Astea hautatu du kultur elkarteak lau urtetan zehar ikerketak iraun bitartean aztertutako materialak publikoki herritarren eskura jartzeko. Zitu informatika izan da material guztia eskuragarri jartzeko lan teknikoa bideratu duena, Ainhoa Esnaola ordezkariak agertu duen moduan “herritarrek kontsultatzeko zein Aritzakoek informazioa kudeatzeko tresna” izan behar du. Udalak sustatutako ekimena izanik Nora Urbizuk hartu du aurkezpenean hitza, pozik lanketa sarean ere bistaratu delako eta herritar guztiak gonbidatuz webgunea “kuxkuxeatzera”. Alkateordeak prozesuan parte hartu dutenak izan ditu gogoan esker onez: Aritza kultur elkartea egindako lanagatik, Zitu lan horri forma eman eta errealitate bihurtzeagatik, Gipuzkoako Foru Aldundia ekimena diruz laguntzeagatik (aurrean zuenez, Xabier Olano eta bere taldea aipatu ditu), Ereiten dokumentuak antolatzeagatik…
Herriaren historia zati bat, atalka
Esti Amenabarro Aritzako kide eta webgunearen egileak agertu ditu xeheago webguneak eskaintzen dituen aukerak. Amenabarrok esan bezala, hala ere, “asko dago oraindik osatzeko eta sekula ez da ataria guztiz bukatuta egongo”. Momentuz behintzat, eskuartean ibilitako materiala dago ikusgai, egunerokotasunean jarraipena egiteko gertutik atala, Aritzak berak idatzitako artikuluen atala, Aritzaren bestelako publikazioetarako gunea, ikus-entzunezkoena…
Berezienak agian agirien bilduma eta gertakarien mapa dira. Bilatzaile batekin antolatuta, erabiltzaileak gertakariak, herritarrak edo agiriak kontsultatu ahalko ditu klik bakarrean. Amenabarrok argitu du agirien gunea publiko izango dela denboraldi batez, baina gerora pasahitza beharko dela datu-babeserako legea dela eta. Mapak aldiz, herriko pertsona, gertakari eta toki deigarriak agertzen ditu puntuz markatuta, begiratu batean historia zati bat agertuz. Webgune berriaren bidez idatzita geratzen da “herriari falta zitzaion historia zati bat” eta gainera, Amenabarroren hitzetan etengabe elikatu ahalko dena. 