“Pelloren kasuan egiten ari direna oso larria da. Uztailetik gaude Pello etxean izan behar duela entzuten baina egikariten ez den errealitate maltzurra izaten ari dira”. Galder Azkue Amasa-Villabonako Alkatearen hitzak dira hauexek.
Hedabideen aurrean goizean eginiko agerraldian, Pello Zelarain billabonatarrak uztailaz geroztik etxean beharko lukeela azaldu du Alkateak, Rosa Arregi Ingurumen zinegotzia eta Pelloren alaba, Virgina Zelarain, ondoan zituela, salaketa horrekin bat eginez.
2012ko uztailean, Entzutegi Nazionaleko Lehenengo Salak arrazoia eman zion Pellori. Gauzak horrela, Pelloren askatasuna berehalakoa izan zitekeenaren aukera ireki zen. Baina Espetxe Zuzendaritzak dagozkion erredentzio horiek guztiak ez dizkiola aplikatuko azaldu zuen. “Espainiar Estatuan botere banaketa hain goraipatua denean nola da posible, arlo juridikoan gorenetakoa den epaitegi baten epaia Espetxe Zuzendaritzak ezbaian jartzea, eurek aho bero demokraziaren printzipioak hainbestetan aldarrikatzen dituztenean?”, galdetu du Villabonako Alkateak.
Bidegabekeri honen aurrean herritarrok bat egiteko deialdia luzatu du Galder Azkuek. Egoera hori ahobatez salatzeko, Herrira mugimenduak deituta, ostegunero, iluntzeko 19:00etatik aurrera burutzen ari diren ekimen isiletan parte hartzeko deia luzatu die Alkateak amasa-villabonatar guztiei. “Herritarren parte hartzea garrantzitsua da kasu honetan. Horrexegatik, ostiral honetan, nire izenean idatzi bat buzoneatuko da herriko etxe guztietara, herritar guztiek egoera lazgarri honen berri izan dezaten”.
Ostegunean, hilaren 28an, mozio bozkaketa
Era berean, ostegun honetan, hilak 28, mozioa bozkatuko dute ez-ohiko bilkuran Villabonako Udalean. Aurkeztutako mozioan, Villabonako Udaleko udalbatzak honakoa adieraziko du:
1.- Pello Zelarainen berehalako askatasuna galdegitea.
2.-Pello Zelarain eta haien senide eta lagunei, elkartasuna eta babesa adieraztea, bizi duten egoeraren aurreko gure kezka agertzearekin bat.
3.-Adierazpen hau, Arartekoari, Gasteizko Legebiltzarrako Lehendakariari, Villena espetxeko zuzendariari, zuzendariordeari, Instituciones Penitenciariaseko arduradun gorenari eta komunikabide denei igortzeko konpromisoa.
4.- Pello askatu artean dagoeneko Herrira mugimenduak deituta astez-aste, ostegunero iluntzeko 19:0etatik aurrera, burutzen ari den ekimen isilean parte hartzeko deia, Gurea zinetik Pelloren etxe atarira.
5.- Espainiako Gobernuari eskakizun bat: gatazka politikoan duen erantzukizunaen araberako pausuak ematea, horretarako, mendeku politika bertan behera utziz.